Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Telenobelak

2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Zutabe hau argitaratzen den egunean Kolonbiara bidean egongo naiz. Bidaia prestatzen egon naizen bitartean jende askok bi telesail aipatu dizkit: Reina del Flow eta Café con aroma de mujer. Biak Netflixen daude, eta aste asko daramatzate plataformaren Top 10ean. Hegazkina hartu baino lehenago bi telesailak ikusten saiatu naiz, batez ere bidaian zehar bisitatuko ditudan zonak agertzen direlako bi telesailetan: Medellin eta kafe sailen zonaldea.

COVID-19aren aurkako hirugarren txertoa jarri nuenean, ohean egon behar izan nuen, eta Café con aroma de mujer telesailaren lehen kapitulua jarri nuen. Sukarra pairatzen ari nintzenean ikusi nuen, eta sukarrarekin bat joan zitzaidan telesailarekin jarraitzeko gogoa. Maitasun istorioak eta familia arteko liskarrak kontatzen dituen telenobela bat da. 88 kapitulu ditu lehenengo denboraldiak. Epe luzerako proiektu bat izan daiteke horrelako telenobela bat ikustea, baina, egia esan, ez nuen istorioarekin bat egin.

Lerro hauek idatzi baino lehenago Reina del Flow telesaila ikusten saiatu naiz, eta kasu horretan lehen kapitulutik ez naiz pasatu ere egin. Telesailak bi denboraldi ditu, eta bi denboraldiak 80 kapitulutik gorakoak dira. Agian hori da bi telesail horien arrakastaren gakoa. Hain luzeak direnez, Top 10ean denbora luzez egoten dira jendeak amaierara arte ikusten dituelako; eta, Top 10ean daudenez, jendeak ikusienen artean dagoenari aukera gehiago ematen dio. Beraz, arrakastaren gurpil perfektua sortu du Netflixek Kolonbiako bi telesail horiekin.

Netflixekin dudan harremana ziklikoa izaten dela aitortu behar dut. Batzuetan orduak ematen ditut bere edukiak ikusten, eta beste batzuetan, bere bilatzailean telesail berri baten bila minutu batzuk galdu ostean, webgunea itxi egiten dut eta beste plataforma batean amaitzen dut beste zerbait ikusten. Ez naiz bakarra, nire inguruan ni bezalako pertsona gehiago ezagutzen ditut, eta batzuetan plataforma horretan zer ikusi ez dakigunaren aitortza egin dut lagun batzuekin.

Egunotan Netflixen zerbait desberdina aurkitzen saiatu naiz, eta hurrengo zutabeetan plataforma horretan aurkitu ditudan gauza bereziez idatziko dizuet. Bitartean, Kolonbiako errealitatea erakusten duten telesailen bila ibiliko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.