Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Noren haserrea

2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Izango da Bertso Txapelketa Nagusiak aldiro bizitzen dituela lozorroan izan diren eztabaida batzuk. Ikusarazten dituela fokuetatik kanpo izan diren beste zenbait. Edo hego haizea izango da, besterik gabe. Edonola ere, aldrebestuta sumatzen da giroa. Migrazioa edo xenofobia; Haritz Mujikaren bertsoak edo euskalgintzaren balizko burgestea. Onddoak eta perretxikoak nola, talka edo haserreak loratu dira udazkenarekin. Baita ETBn ere.

Ez da kontu berria. Telebista publikoa da ETB, eta hortaz, lupapean dago, etengabe. Ohiko hizkuntzaren eta kolore politikoaren arabera, oso begi desberdinekin begiratzen diogu batzuek eta besteok. Kontzientzia dudanetik behintzat, jende gehiago dago haserre samar ETBrekin—alde batetik edo bestetik— konforme baino. Baina asteotan beste batzuetan baino nabarmenagoa da hori.

Pantailak Euskaraz ekimenetik datorrena da haserreetan onena. Exijentea da, baina eraikitzailea eta proposamenez josia. ETBri denbora eman behar zaio pauso batzuk emateko, baina komunitate antolatua da pauso horiek bidean ez galtzeko bermerik sendoena. Itsusiagoa da Maddalen Arzallusen bertsoen bueltan sortu den gatazka. Badakizu: Jon Paroten kartzelaldi luzeak eragiten zion sentipena kantura eraman zuen Euskadi Irratian. Handik gutxira, abestia jasotzen zuen bideoa ezabatu zuen EITBk, zentsuratuz.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendariak aitortu du berak hartu zuela erabakia. Azalpena, ondokoa: bazekien ezabatzeak jendea aztoratuko zuela, baina nahiago izan zuen hori, bideoa mantentzeak zenbaitengan eragingo zuen haserrea baino. Horra hor zuzendariaren lehentasunak salatzen dituen erabakia. Ez da samurra batzuen eta besteen haserrearen artean bat hautatu beharra. Baina hedabide publiko batean adierazpen askatasuna gailendu behar da beti. Non eta ez den indarkeriarako dei muturrekorik egiten —eta bistan da ez dela hala— beti izango da kontuan hartzekoagoa esateko eskubidea, isilarazteko eskakizuna baino.

Nor haserretuko den neurtu behar izan gabe hitz egiteko eremua behar du ETBk. Eta inor haserretzen denean, bere ikuspegia adierazteko espazioa eskaini behar dio —baita haserretu direnak bertako langileak badira ere—. Batzuei eta besteei ahotsa ematea, hori da —eta ez edukiak ezabatzea— bizikidetzaren alde egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.