Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Irakurzale ez-aktiboarenak

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gauza asko DA Durangoko Azoka. Lagun zaharrekin aurkitzeko parada —besterik da horrek poza edo ezkutatzeko gogoa pizten dizun—, sortzaile kutunekin egoteko abagunea, Gabonetako erosketak aurreratzeko merkatua, parrandarako aitzakia... Eta ni bezala, lanaldi murriztuko irakurlzaleontzat—alegia, ohi genuena baino puskaz gutxiago irakurtzen dugunontzat orain— gure pose iruzurtiarekin parez pare jartzen gaituen gertaera. Aurten ere erosiko ditut bost edo sei liburu, eta itxura guztien arabera, munduak eguzkiari bira oso bat ematerako, apalategian eta zuri-zuri segiko dute gutxienez haietako hiruk. Telesailek, antsietateak eta kontzentratzeko ezintasunak jan diote lekua irakurzaletasunari.

Baina ez dugunez literaturazaleon talaiatik jaitsi nahi, irakurri gabe ere letrajaleen taldean mantentzeko estrategiak garatu ditugu batzuk. Telebistak horretarako baliabideak eskaintzen ditu. ETB1en bertan, Artefaktua saioak bere bidearekin segitzen du, baina Ilaski Serrano aurkezle duela. Orain literaturaren gaineko saio batean garatu dezake, askeago, lehenago Ahoz aho-n erakutsitako zaletasuna. Hori bai, baliabide gutxirekin. RTVEk, aldiz, Página 2 saio gomendagarria du, faktura ezin finagokoa. Podcastgintzan dozenaka dira aukerak: umorea eta literatura lotzen dituzten Esku arteaneta Uluka kasu. Modako liburuez modu informalean aritzeko trebetasuna garatuko duzu haiekin.

Baina dena ez da iruzkina edo elkarrizketa izango. Sally Rooneyren Normal People, Big Little Lies, Handmaid's Tale, House of Cards edo Fariña telesailak eleberrietan daude oinarrituta, esaterako. Topikoak dio liburua hobea dela beti, baina eskolako azterketaren aurretik lagunari liburua laburtzeko eskatzeak adina balioko dizu, gutxienez. Zerrendara batutako azkenak ika-mika eragin du: Cristina Moralesen Lectura fácil —hau bai, irakurri nuen, gogotsu gainera!— eleberriaren moldaketa ekoitzi du Movistar etxeak, eta egileak salatu du bere lanaren muina traizionatu dutela.

Kontrako norabidea hartu duten lanak ere badira: Mikel Alvarezek argitaratu berri duen Euskalia eleberri futurista telesaila izateko garatu zen lehenik. Hortxe, azokako ingurumarietan sasijakintsuarena egiteko moduko iruzkina, literaturazale ez-aktiboarentzat opari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.