EKOGRAFIAK

Eta zuk, ikusi al duzu 'Itxaso'?

Gaizka Izagirre
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Itxaso telesaila ikusi duzue?», hori da X sare sozialean jaurti dudan galdera. Espero nuen moduan,—nire inguruan ere ez duelako ia inork ikusi/amaitu— erantzunak oso argigarriak izan dira: Bai %12,6, Ez %73,7 eta «bai, baina ez osorik» % 13,7. Badakit sare sozialetan egindako inkestek duten balioa eskasa dela baina, kasu honetan, ikerketa zorrotzagoa egingo banu ere, emaitzak oso antzekoak izango liratekeela susmatzen dut. «Ez edota Bai (baina ez osorik) erantzun duzuenok esango zenukete zergatik?», gehitu nuen: «ez zidan gehiago ikusteko gogorik piztu», «ze tristura, ze atsekabea...», «gidoi kontuak», «Primeran plataformari balio serio bat ematen ez dioten bitartean ez», «Blokeatu egiten da» edota «herri txiki berean biztanle bakoitzak bere euskalkia hitz egitea hautu estetiko bat izan da? Utzikeria? Ustezko exotismoa?».

Eduki eskasa, bereziki gidoia eta hizkuntzaren erabilera, eta arazo teknikoak. Horiek izan dira gailendu diren arrazoiak. Aitortuko dizuet euskarazko telesail batek emaitza negatiboak biltzeak beldur apur bat eragiten didala, aitzakia merke gisa erabili dezaketelako telesail gehiagorik ez sortzeko, eta hori ezin da horrela izan. Euskarazko fikzioak gutxieneko kalitate irizpide batzuk izan beharraren inguruko eztabaida beharrezkoa iruditzen zait; soilik errentagarritasun parametroetan neurtzen hasten bagara, ordea, ez dago zer eginik. Iritzi kaskarrekin nahigabetu egiten naizen arren, are oinazegarriagoa iruditzen zait jendeak ikusi ere ez izana. Hemen tranparik ez mesedez, errua ezin baitzaio ikusleari bota; Hondar ahoak-ek zergatik funtzionatu zuen hain ongi? Miraria? Astroak lerrokatu ziren? Ala, beharbada, akaso, kalitatezko edukia izateak lagundu zuen? Agian erratuta nabil eta hauteman ez dudan arrakasta izaten ari da, Primeran-ekoei ikustaldi datuei buruz galdetu diedanean «milaka ikustaldi izan ditu, gehien ikusitako edukia da» erantzun baitidate.

Tira, hemen ari naiz jo eta su besteen iritziak partekatzen, baina «eta zeurea zer?» ariko zarete pentsatzen. Lantaldeko batzuk ezagutzen ditut, Jon Plazaolari bereziki estimu handia diot, horregatik da zaila horrelakoak idaztea. Baina Itxaso kaskarra iruditu zait oso, eta guztiz bat nator partekatu diren iritziekin. Ez dut zauriaren gainean piko egin nahi; beraz, hemen utziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.