gorka julio
IRLEN SAREA

Kutxa beltzak

2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Practice Fusion software enpresak ospitaleetan gaixoen tratamendua kudeatzeko aukera ematen duen erregistro medikoetarako programa bat eskaintzen du. Programak medikuari iradokizun desberdinak eskaintzen dizkio, gaixoa espezialista batengana bidaltzeko edo botika zehatz bat hartzeko. Softwareak, baina, ohi baino mina arintzeko botika gehiago iradokitzen zuen, farmazia konpainia batek bere algoritmoa eta interfazea aldatzeko ordaindu zuelako.

AEBetako estatu departamentuak kasua ixtea onartu du, software enpresak 120,5 milioi euro ordaindu ostean. Enpresak onartu behar izan du farmazia konpainiaren eroskeria onartu izana. Medikuak opiazeo gehiago eta denbora gehiagoan gomendatzera bideratzen zituen programak. Azken hitza medikuarena zen, baina publizitatearen bidez eta aukera hori erraztuz, bere helburua lortzen saiatzen zen softwarea.

Praktika ez da berria, bisitatzaileen papera ezaguna da medikuntzan. Bisitatzaileak medikuei beren botikak gomendatzeko lobby lanak egiten dituzten pertsonak izan dira. Ikerketa ordainduen bidez edota opariak eginez zuzenean, medikuntza alorreko erabaki ahalmena duten pertsonak baldintzatu nahi dituztenak ere badira.

Medikuntzan ez ezik, beste alor askotan ere gertatu daiteke edo gertatzen ari da hori. Enpresen marketinerako esfortzua gero eta handiagoa da. Orain dela gutxi arte kanpo komunikazio publiko zabala egin behar zuten enpresak oso gutxi ziren, baina orain enpresa gehienen komunikazio aurrekontua hazi da, baita horretara bideratutako pertsonak ere.

Orain, aldiz, eragin hori algoritmo ezkutu eta ezezagun batean txertatuta agertzen zaigu.AEBetako osasun sisteman gertatutakoa gurean zailagoa den arren, ez da ezinezkoa. Enpresa pribatuen eragina medikuntza publikoan, eta medikuntza pribatuak publikoarekin daukan etengabeko harremanak gero eta gehiago eragiten du. Erabiltzen diren programei auditorioa publiko gardenak ez egitea eta bereziki bere kodea libreki auditatzeko aukera ez izateak ere errazten du hori. Ustez doan diren eta alor askotan erabiltzen ditugun programek ez al dute berdin jokatzen? Ezagutzen al dugu programa horiek nora edo zer egitera bideratzen gaituzten? Kutxa beltzeko algoritmoetan jartzen ari gara gure konfiantza, laster gure bizitza ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.