gorka julio
IRLEN SAREA

Kriptodirua kalean

2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Kaleko hizketaldietan nabaritzen ari naiz kriptodiruaren inguruko interesa orain arte iristen ez zen tokietara iristen ari dela. Bloke kateen teknologiaren promesa iraultzaileak bere horretan jarraitzen du, promesa izaten. Bitartean, bere erabilera ohikoena den kriptodirua merkatu espekulatibo erraldoi bilakatu da.

Bere momentuan interesa izan nuelako, Ethereum eta BitTorren Token batzuen jabe naiz. Erosi nituen, proiektu horien proposamen teknologikoa interesatzen zitzaidalako. Horien gainetik, orain, baina, merkatu espekulatiboak dira nagusi, eta inbertitzen dutenak, inbertsore baino, ebanjelistak bihurtzen dira maiz.

Azokek beren espazioa zuten gure antzinako jendarteetan. Herri guztietan ditugu azokak edo izandakoaren aztarnak: eraikinak, plazak... Merkatua, baina, jendarte osora zabaldu zen, espazio gehiago konkistatuz, supermerkatuekin lehenik, oraingo merkatu ubikuoa bihurtu arte; non denak daukan merkantzian bihurtzeko aukera.

Merkatuek garrantzia hartzearekin batera, inoiz merkantzia izatera iritsi behar ez ziren txanponak, trukea errazteko tresna zirenak, merkantzia bihurtu genituen. Horren ondorioak argi ikusten dira orain finantzarizazioak duen indarrean.

Kasinoei merkatuen hasierako erakundeei moduan gertatu zitzaien. Kasino dekadenteek milaka apustu etxeri bide eman diote. Apustu etxeak kalean biderkatu diren moduan, Internet bidezko apustuak ere areagotu dira. Jendartea bera espekulaziorako apustu etxe erraldoi bihurtu dugu, eta hor kokatu nahi dut kriptodiruaren merkatuekin gertatzen ari dena.

Burtsaren sozializazioarekin gertatu zena oroitu behar da. Burtsa, enpresa handien, brokerren eta yuppien kontua zen hasieran, burtsako informazioa eguraldi iragarpenaren moduan ikusten hasi ginen arte. Emaitza: espekulazioaren katean, milaka herritar soilek beren inbertsioak galdu zituzten, iraun zezaketen kapital handiek aberastasuna metatzen zuten bitartean.

Burtsa ez da desagertu; digitalizatu, eta algoritmo bidez kontrolatzen da orain. Kriptodirua ere gelditzeko etorri da, akaso, eta laster Interneteko iragarki batek edo inguruko norbaitek, gizonezko zuriren batek seguruenik, kriptodirutan inbertitzeko gonbita egin diezazuke...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.