gorka julio
IRLEN SAREA

Aukera kontua

2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Jendeak ez du sakelako aplikazioek jarraitzea nahi. «Niri berdin zait» dioen zure lagun horrek ez dauka arrazoirik. Jendeari aukera ematen diozunean jarraitua izateari baiezkoa edo ezezkoa esateko, ezezkoa aukeratzen du.

Applen, iOS 14.5 aldaketaren ostean, aplikazioek aukera eman behar diete erabiltzaileei haien datuak arakatu ahal izateko. Apple Storeko aplikazioek era estandarizatu baten bidez eskatu behar dute baimen zehatz hori orain. Erabiltzaileek baiezkoa ematen badute (Onartu botoian klik eginez), denak lehen bezala jarraituko du, eta enpresak erabiltzailearen datuak erabiltzeko aukera izango du, adibidez, iragarkiak eskaintzeko; aldiz, ezezkoa esaten baduaplikazioak ezingo ditu datu horiek erabili.

Beste albiste bat: Googlek azken eguneraketan zaildu egin zuen kokapena zehazteko ezarpenetarako sarbidea Android telefonoetan, jendeak itzali ez zitzan. Datuek hauspotzen dute teknologia erraldoiaren iragarkien negozioa, eta horiek biltzeko ahaleginak babesteko egin du aldaketa. Kokapena ezagutzeko ezarpenak desgaitzen zituzten erabiltzaileak «nabarmen handitu» zirela ikusi zuen Googlek, eta horregatik hartu zuen erabakia. Android telefono fabrikatzaileei presio egitera iritsi da, ezarpena ezkutatzeko.

Uste orokor bat da ditugun zerbitzuak eskuratzeko ordaindu beharreko bidesaria dela konpainiek gure datuak jasotzea eta ustiatzea. Errealitatea, baina, guztiz kontrakoa da. Ez da ezinbestekoa edo oso une zehatzetan bakarrik behar dira zenbait datu zerbitzu batzuk eman ahal izateko. Oso barneratua daukagu gauzek horrela izan behar dutela, beste era batera izan zitezkeela hausnartu gabe. Aukera ematen digutenean, gure datuak enpresa horiekin ez partekatzea erabakitzen badugu, aukera lehenetsia horrek izan beharko lukeenaren seinale da.

Argi dago ez dela horrela, eta, albiste puntualez gain, erraldoi teknologikoek berdin jarraituko dute, aurrean, erabiltzaileez gain, aurre egingo dieten lege neurriek behartzen ez badituzte. Iragarki digitalen sektoreko lehia da benetan atzean gertatzen ari dena. Bakoitzak bere lehiakideei bidea zailtzeko eta bereak errazteko saiakeren artean, erabiltzaileak eta horien datuak dira trukerako txanpona. Hala ere, gutxi bada ere, esperantza apur bat ematen du, aukera ematen diotenean, jendeak pribatutasunaren aldeko erabakiak hartzen ikusteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.