gorka julio
IRLEN SAREA

Informazioa airean

2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
ElonJet Twitterreko kontuak Elon Musk Teslaren eta SpaceX-en sortzailearen jet pribatuaren hegaldiak jarraitzeko aukera eskaintzen du. Horregatik, Muskek 5.000 dolar eskaini dizkio Jack Seewney gazteari, Twitter bot hori kentzeko. Aldi berean, hutsik edo ia hutsik dauden milaka hegaldik zeharkatzen dute airea egunero.

Elon Musken afera anekdota bat izan daiteke, baina pertsonaia horien harrokeria ere erakusten du. Hegaldien datuak publikoak dira, hegazkin bakoitzak bere posizioari buruzko informazioa igortzen du, beste hainbat daturekin batera. Datu horiek guztiek trafikoaren berri izateko balio digute, baita, kasu honetan bezala, hegazkin baten ibilbidea ikusteko ere. Hainbat webgunek ematen dute informazio hori ikusteko aukera: globe.adsbexchange.com da horietako bat.

Anekdotaz gain, une honetan milaka dira gure airea zeharkatzen duten hegaldi komertzial hutsak ere. Aireportuetako ordutegi eta ibilbideak mantentzeko, kontratuz konpainiak behartuta daude maiztasun batzuei eustera. Horren ondorioz, ingurumenari egiten zaion kaltea kontuan hartu gabe, airea zikintzen duten hegaldi horiek ere jarrai ditzakegu nahi badugu.

Informazio geruza horren bidez, munduaren konplexutasuna ulertzetik —gure munduak suposatzen duen erokeria ulertzerik bada— gertuago gaude. Kasu honetan ez bezala, konplexutasuna ulertzeko datu falta izaten da batzuetan, edota, datuak egonda ere, eskuragarri ez egotea. Datuen garrantzia eta horien kontrola berriro ere agertzen zaigu agendaren erdian.

Datuak datu, konplexutasuna ulertzeko saiakeran nahiko larri ibiltzen gara gizakiok. Batzuetan prozesatu dezakegun informazioa kudeatzen ez dakigulako, tresna egokiak ez ditugulako edo ulertzera iristeko analogia eta sinplifikazioak behar ditugulako... Normala da kasu hauetan, datuen kudeaketa ez ezik, informazioaren prozesamendua delegatzea; erreferentzia batzuek diotenaz fidatzea, horrek arazoak sor ditzakeen arren.

Okerragoa da, baina, konplexutasuna ulertu nahi ez dutenen egoera. Dena aukera bakarrera edo bira mugatu nahi duten horiena. Hiru edo 10.000 aukera egon daitezkeela ikusi ez eta beren posizioa eta kontrakoa bakarrik ikusarazi nahi dutenak munduaren informazio izaera konplexuaren, beraz, naturalaren, kontra daude. Horrek, erokerian sakontzeko bakarrik balioko die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.