Jesus. F. Cirilo

Tostak izenik ez zuen garaiko patroia

Jesus Fernandez Cirilo 'Roke' zen Santurtziko patroia 'Sotera' traineruak Kontxako Bandera irabazi zuenean, 1985ean. Duela hamahiru urte utzi zuen arrauna, eta orain itzuli da, Santurtzi B-ra.

BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Kontxako Banderaren historia loriatsuan, aparteko lekua dute patroiek. Zerrenda horretan izen handiak azaltzen dira, handia baita estropada preziatua irabazten duena, behin bakarrik izanda ere. Jesus Fernandez Cirilo Roke da horietako bat (Santurtzi, Bizkaia, 1962), eta 1985eko garailearen lekuan ageri da. Santurtzi eta Sotera traineruaren izenak dauzka alboan.

Aurreko mendeko amaierako patroi horrek mende berria ere ezagutu zuen patroitzan, 2007a izan zuelako azken denboraldia, etxeko taldean. Eta mende berriko bigarren hamarkadaren amaiera ere ezagutzekoa da, itzuli egin delako arraun mundura: Santurtzi B-ko arraunlarien artean ageri da izen ezaguna, KAE 2 ligan aritzeko.

Itzulera nolatan gauzatu den azaldu du: «Semea dabil taldean patroi, beste batekin batera. B taldearen egitasmoa asko gustatu zait, eta animatu egin naiz», esan du. Gazteei erakusten zebilen, koronabirusaren krisiak dena kareletik bota duen arte, baina, erakusteaz gain, udan estropadaren bat edo beste egiteko asmotan da, egiten badira behintzat: «Lehiatuko naiz berriz, egingo dut estropada bat edo beste», esan du, ziurtasunez. Ilusioarekin heldu dio erronkari, eta beharko horrela izan, kirol jarduera eta lanbidea uztartzea ez daukalako erraz: «Arrantzalea naiz 1989tik, eta egunero 03:00etan jaikitzen naiz, itsasora joateko. Itsasontzi bat daukat, eta lau laguneko eskifaia».

Ez zaizkio arrotzak egiten ari arrauneko material berri guztiak. Izan ere, ez da denbora asko pasatu traineruen lehiatik jauzi egin zuenetik, eta are gutxiago igaro da iaztik, lehiatu ez bazen ere: «Iazko taldean, Eusko Label ligako Santurtzin, entrenamendu batzuetan motordun ontzian joan nintzen». Ezagutzen ditu, hortaz, traineru berri eta berritzaileenak, nahiz eta inoiz ez den aritu platanitoa izena daraman moldean: «Horretan ez dut inoiz nabigatu, baina esan didate oso ondo joaten dela itsasoan». Ezagutzen duena zuntzezko ontziaren aurreko moldea da: «2008an bageneukan, baita lehenagotik ere. Zurezko traineruaren aldean trinkoagoa da. Beste zahar haiek ez ziren hain egonkorrak nabigatzeko. Balantza egiten bazen, txopan albo batera eta proan beste aldera erortzen zen trainerua».

«Dena aldatu da arraunean»

Materialari segika, beste gai bat atera da: patroiaren arrauna. «Kontuz gai horrekin, hatza begian sartzea bezalakoa delako nire kasuan», esan du erdi barrezka. Rokek garbi dauka patroiaren arraunak egurrezkoa izan beharko zuela beti, baina galdu zen molde hura, eta ia inork ez du erabiltzen. Zuntzezkoak dira gehienak gaur egun, eta horrekin moldatzen ikasi beharko du: «Hemen Santurtzin ez daukagu egurrezkorik, eta dagoeneko ez dira egiten». Bi moldeen arteko aldea oso nabarmena da Rokeren ustez: «Zuntzezkoak ez dira inoiz hausten, baina patroiak eragiten dion indarra ez da egurrezkoarekin joaten den bezain zuzen joaten. Indar hori azkarrago heltzen zen heldu behar zuen lekura egurrezko arraunarekin».

Beste arraun mundu bat ezagutu zuen aurreko mendean, eta materiala ez ezik, beste gauza guztiak aldatu direla esan du: «Dena aldatu da, dena». Zerrendatzen hasi da aldaketa multzoa: «Profesionalizatu egin da arraun mundua. Oraintxe bertan ez dira asko izango arraunetik bizi direnak, baina duela urte gutxi, batzuk baziren. Gure garaian, berriz, dirua galtzen genuen». Arraunlarien ezaugarriekin jarraitu du alderaketan: «Oraingoak atleta hutsak dira. Entrenamenduak eta prestakuntza erabat aldatu dira, eta horrekin batera, elikadura. Guk lehen bapo jaten genuen estropaden aurretik, eta orain pentsaezina da hori». Pisuaren gaiak patroiak ere harrapatu ditu: «Pisuan ez bazaude, izan arraunlari edo izan patroi, badakizu zer egin behar duzun: ahoa itxi. Ni ez nabil gaizki horretan, 64 kilotan nagoelako».

Aldatu ez dena garaipenen balio mugagabea da. Ez du ahazteko Rokek 1985eko Kontxako bandera preziatua: «Beti izan da arraunlarientzat goia jotzearen parekoa Donostian irabaztea, eta gure garaian ere hala zen, oso berezia». Baina lehiagatik baino gehiago, estropadaren ingurukoak ematen dio balioa Santurtziko patroiaren ustez: «Bandera emateko unea oso berezia da, ospakizunak ere bai, eta familien barruan duen segidagatik ere bai; horregatik da niretzat ezohikoa». Baina beste estropada bat ere badu oso kutuna: «Zarauzkoa beti egin izan zait Kontxakoa baino gustagarriagoa, eta han ere irabazitakoa naiz. Oso handia da eremu eta estropada horretan ere irabaztea. Hemen, lagun artean aipatzen dudanean hori, ez didate sinesten». Pilatu zituen makina bat garaipen Rokeren Sotera mitiko horrek: «1985ean, oso denboraldi ona egin genuen, eta hainbat estropada irabazi ere bai. Talde gaztea ginen, eta ia denak etxekoak».

Horretan ere aldatu da arraun mundua Rokeren ustez, baita Santurtzi ere: «Orain, fitxaketek egiten dute aldea. Eusko Label ligan sekulako maila dago, eta prestakuntzan talde guztiak antzeko ibiltzen dira. Horregatik, fitxaketa onak dituenak aukera dauka koskatxo hori igotzeko. Tostek izena daukate orain». Hala ere, garbi du harrobia lantzea ezinbestekoa dela: «Santurtzin, urte batzuetan, ez zen zaindu edo ez zuten zaindu nahi izan, eta orain, bigarren taldea uretan izanda, etxeko arraunlariei aukera eman nahi zaie hemen hazteko, talde nagusiko atea bota dezaten laster. Denbora eman behar zaie liga nagusian talde lehiakorra osatu dezaten, eta bitartean, fitxaketak egin beharra dago maila onari eusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.