Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Maradonak irentsi zuen Diego

2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Mitoak interesatzen zaizkigu gehiago errealitatea baino». Kepa Matxain kazetariak Argia-ko artikulu batera eramandako titulua da; Jaione Irazu, Oskarbi Sein eta Beñat Iturrioz Napardeath (Ataun of the dead trilogiaren azkena) filmaren egileei egindako elkarrizketan oinarrituta, hain zuzen ere. Aipua, zehazki, Iturriozena da. Dioenez, mitoak sortzen ditugu «horiekin gure herria elikatzeko». Ez ditut bi spoiler egin nahi zutabe berean; beraz, mitoaren eta errealitatearen arteko bereizketa erabiliko dut Erresuma Batuan estreinatu berri den Diego Maradona dokumentalaz hitz egiteko —Hego Euskal Herrian ikusgai egongo da uztailaren 19tik—. Zergatik? Maradona mitoak irentsi zuelako Diego.

Villa Fiorito (Argentina) izeneko hiri ezin txiroagoan jaio zen Diego Armando Maradona, 1960an. Bost seme-alabetatik gazteena izan zen, baita mutil bakarra ere. 4 urte zituela hasi zen futbolean. «Ez zitzaizkidan gainerako mutikoen jolasak gustatzen, pilota maite nuen. Nire salbamena izan zen». 9 urterekin, berriz, lehen kontratua sinatu zuen Argentinos Juniors taldearekin. Zazpi urte geroago, 1976an, lehen mailan egin zuen debuta. Argentinako futbol elkarteak Buenos Aires hiriburuan jarri zion etxebizitza bat. Maradonak, orduan, familia guztia eraman zuen hara. Une horretan, familiaren sostengu ekonomiko nagusi bilakatu zen. 15 urte besterik ez zituela, alegia.

1982an, Bartzelonak fitxatu zuen. Baina lesio bat eta osasun arazoak tarteko, ez zuen arrakasta handirik lortu. «Ezin nuen Fioritora itzuli» esaldia grabatua zeukan buruan. Hala, 1984an, Italiako Napoli taldera transferitu zuten. Diru guztia xahutu zuen Bartzelonan. «Ferraria eskatu, eta Fiat bat jarri zidaten; etxe bat eskatu, eta apartamentu bat eman zidaten». Denak okerrera egingo zuela zirudien arren, haren teknika taldean kostata egokitu ondotik, historiako markarik onenak eskuratu zituen Napolirentzat. Istorioaren amaiera, esango nuke, ezaguna dela.

Pertsona horren atzean, ordea, baziren Diego eta Maradona. Dena ondo egiteko presioa zuen gazteak drogen munduan bilatu zuen bizitzeko modu artifiziala. Diegok elikatu zuen Maradona, baina baita alderantziz ere. «Ezin izan zuen besterik egin», adierazi zuen Fernando Signorini haren entrenatzaile pertsonalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.