KRITIKA. Artea

Boterearen atmosfera

2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun

'Irudizko arkeologiak'

Artista: Miquel Navarro. Non: Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Noiz arte: Maiatzak 21 arte.

Aurreko otsailak 17an eta Irudizko arkeologiak izenburupean aurkeztu zen Kubo Kutxa aretoan Miquel Navarro artista valentziarraren inguruan Donostian antolatu den lehen erakusketa. Raquel Duran arte komisarioa izan da 1986. urtean estatuko arte plastikoen saria jaso zuen artistaren lana bildu duena, bertan, 1945. urtean Mislatan jaiotako artistaren ibilbidean ezagunak diren hiri-ez gain orain arte inoiz aurkeztu gabeko totem bat eta laborategi moduan aurkezten zaizkigun apunte eta formatu txikiko eskultura multzo bat gehitzen zaizkielarik.

Erakusketa lau espaziotan banatzen da. Aretoan sartu eta eskuinera gelditzen den espazioa artistaren laborategi moduan aurkezten da. Hainbat marrazki, eskultura eta pintura nahasten dira, guztiak artistak egindako bidaia eta momentu ezberdinetako apunte azkarretan oinarrituta. Ziur asko erakusketako espaziorik interesgarrienaren aurrean gaude, eta esperimentazioaren bidetik, objektu txikien moldaketa jarrai bat aurkezten zaigu. Marrazki hauetariko asko 1970. hamarkadakoak dira, artista oraindik eskulturan guztiz murgildu ez zen garaikoak; eta hauekin nahastuta buztinezko objektuak, asko gizakien errepresentazio antropomorfikoak, arkeologia edo antropologiaren zentzu akademikoagora gerturatzen direnak.

Sarrerako aretoa atzean utzita, erakusketako espazio nagusian barneratzen gara. Aretoa garbi aurkezten da, eta bertan artistaren bi lan multzo ikus ditzakegu: Placón (2011) eta Ciudad Roja (1994-95). Lehenak aluminio trinkozko eta 3.5 metro luze dituen eskultura bat aurkezten du, material berdinez sortutako forma koniko eta tamaina txikiko multzo zabal batek inguratzen duelarik. Irudi ikusgarri bezain oldarkorra erakusten du artelan honek, hainbat interpretazio onartzen dituenak. Alde batetik erdiko pieza zentrala eta inguruko multzoaren artean babesezko harreman bat garatzen den bitartean beste bidetik inguruko pieza konikoek bolumen nagusia mehatxatzen dute, berau inguratuz. Honen alboan erakusketan ikus dezakegun lehen hiria zabaltzen da, Ciudad Roja, burdinazko piezez osatzen dena. Objektu talde ezberdinen baturak multzoen sorrerak eragiten ditu, multzoaren alderdi ezberdinetan altxatzen diren obelisko-ek nolabaiteko ordena eta hierarkia duen estruktura bat erakusten duelarik. Artelanaren parte diren objektuen antolaketak multzoari kutsu militar bat gehitzen dio, hiria baino gudarekin harremantzen den gune bati gehiago hurbilduz.

Areto nagusia utzi gabe baina hau banatzen duen tabikearen atzean hiru hirietan interesgarriena eta aberatsena den La ciudad (1984-1985) altxatzen da. Zink eta terrakota bidez sortutako pieza ezberdinez osaturik, materialen banaketa tamaina ezberdintasunarekin elkartzen da, dudarik gabe, maila sozial ezberdinen errepresentazio argi bat erakutsiz. Terrakotazko multzoek, etxe txikiek osatzen dituzten auzoak irudikatuz, zonalde umilak aurkezten dituzten bitartean, zinkaren bidez sortutako forma luze eta garaiagoek zonalde industrial eta modernoagoak irudikatzen dituzte. Horrela, forma eta material ezberdinen erabilera zuzenki klase sozialen banaketarekin harremantzen da. Nahiz eta guztietan zaharrena izan, benetan multzo interesgarria da azken hau, pena da berau kokatzeko tokia aproposena ez izatea, aretoaren atzealdean eta aipatutako tabikearen atzean «itota» aurkezten baita.

Goiko espazioa berriz erakusketan aurkezten den hirugarren hiri-ari egokitzen zaio, Muros (2000). Espazio eta aurkezpen aldetik oso aproposa, aluminio bitartez sortutako formekin irudikatzen da hiria, besteen antzera, forma eta tamainen bitartez sortutako zonalde ezberdinak altxatzen direlarik. Besteetan ez bezala, hiriaren alderdi batzuk harresi baten bitartez mugatuak aurkezten dira, aldi berean babes eta ahulezia sentipen bat zabalduz. Erakusketa, Dolores Duranek muntaian zehar artista valentziarrari egindako elkarrizketa batekin borobiltzen da; erakusketak irauten duen bitartean asteartero Navarroren bi pelikula proiektatuko dira: Mineral eta Fuerte como el opio.

Duranen esanetan, artistaren forma luze eta falikoek boterearen errepresentazio gisa funtzionatzen dute. Egia izanik, boterearen sentipen hau instalazio guztietan zabaltzen dela iruditzen zait, forma konkretuetan ardaztu gabe guztien artean sortzen diren harremanetan sortzen delarik. Benetan interesgarria da Navarrok, lanerako prozesu berdina erabiliz, boterearen alderdi ezberdin hauek moldatzeko duen gaitasuna, honekin lotutako hierarkia, ahultasuna, babesa edo mehatxuaren sentipena erakusketaren atmosferan zehar zabaltzen delarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.