KRITIKA. Artea

Sentsibilitate bortitz bat

2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun

'Floritura. Loreen historia politikoa'

Sortzailea: Jeleton taldea.Non: La Taller espazioa, Bilbo.Noiz arte: Azaroaren 17ra arte.

Irailaren azken egunarekin, Maite Martinez de Arenazak zuzentzen duen La Taller espazioan aurten antolatuko diren erakusketei hasiera emanez, Gelen Alcantara (1975, Murtzia) eta Jesus Arpal Moya (Bilbao, 1972) artistek osatzen duten Jeleton taldearen erakusketa berria zabaldu dute: Floritura. Loreen historia politikoa.

Loreen historia politikoa 2003. urtean jaio zen, Belleza Infinita etxearen bitartez publikaturiko Las lilas de Jeleton liburuarekin. Gelen Jeletonen nerabe garaiko poema sortek osatzen dute liburua, hainbat marrazki sinbolikorekin batera. Proiektuak hiru singlerekin jarraitu zuen, liburuko poesia musikatu multzo batekin: Las lilas de Jeleton: Dame tu mano / Reich mir Dein Händchen (2003); Las lilas de Jeleton: Beso, amigo fiel (2006); eta Las lilas de Jeleton: Rayos de flor (2013).

Poesiaz eta musikaz gain, Alcantara eta Arpalek osatzen duten taldeak 2014. urtetik bost erakusketa garatu ditu: Historia política de las flores, o cuando las lilas se volvieron violetas (2014) eta Historia política de las flores 2: Floripondio (2015), biak Bilboko La Tallerren; Historia política de las flores 3: Azucenas atigradas (2016), Bartzelonako Halfhousen; Historia política de las flores 4: No morirá la flor, 2016an Costa Ricako San Josen egin zen Erdialdeko Amerikako X. Biurtekoan aurkeztu zutena; eta Historia política de les flors 5: Desflorar, Bartzelonako Ana Mas Projectsen aurten ikusgai izan dena.

Bilboko espazioko erakusketa berri hau aurretik aipatutako horien guztien batuketa bat da, eta aurrekoetan aurkeztutako artelanen aukeraketa bat ikus daiteke. Espazio txikia izanik, bertan aurkezten den artelan multzoa ondo hautatutakoa da, espazioaren erabilera egokia eginez. Sarreran bertan kokatzen den espazio nagusian, Erdialdeko Amerikako X. Biurtekoan aurkeztu zen No morirá la flor artelan zoragarria ikus daiteke. Lurrean kokatzen den tamaina handiko lan bat da, fragmentu ezberdinez osatzen dena. Lore ornamentazio batek inguraturik, hamabi marrazkiz eta testuz osatutako tapiz bat zabaltzen da lurrean; izenburuari lotuta, ingurumenaren arloan emakumeak egindako borroka irudikatzen da. Kolorearen erabilera neurtua da, bai euskarrian, bai irudian. Lan hori erakusketa osoan sumatzen den borroka sentibera baten erakusgarri argi bat da, azken urteotan gai beraren inguruan eginiko lanak erakusten duen prozesu, estetika eta diskurtsoaren arteko lotura egoki baten emaitzaren adibidea.

Artelan nagusi horren inguruan, beste proiektuetako hainbat lan ikus daitezke. Horien artean, besteak beste, Poder y revolución izendatutakoa. Marrazkiaren itxurazko sinpletasunaren atzean, Foucaulten Poder y revolución liburuarekin aurpegia estaltzen duen emakume bat ageri da, eta jantzita daraman elastikoan violar hitza irakur daiteke. Hitzaren adieraren eta boterearen inguruko gogoeta argi bat erakusten du piezak, elastikoan violar hitzak katalanez izan dezakeen esanahietako bat aurkezten baitzaigu, i.m. Lloc poblat de violes, hau da, lore mota horretaz betetako lekua. Lanez lan joan ahala, benetan interesgarria da nola doan zabaltzen, lorearen irudiaren inguruan eta modu indartsuan, boterearen eta borrokaren arteko hartu-eman gogor bat. Agerikoa izan daitekeen gaiaren tratamenduak, irudiaren, hitzaren eta euskarriaren bidetik, guztiz biltzen du Jeletonek urteetan landutako proiektua.

Ideia horren beste bi adibide argi dira Soltera I eta Soltera II. Lan horiek paretaren beste aldean ikus dezakegun Le pendu (zintzilikatua) Taroteko kartarekin lotzen dira, loreen, ohitura erlijiosoen eta esoterismoaren arteko lotura interesgarri bat eraikiz. Oraindik ezkontzear dauden emakumeei ezkontzetan ematen zaien lore sortaren inguruko lanak dira, denborarekin, forma ez galtzeko, buruz behera zintzilikatzen direnak. Ohitura horretatik abiatuta, Jeletonek Taroteko karten estetika duten lanak eraikitzen ditu, berriro ere, lorearen inguruan, gaiaren, ohituren, estetikaren eta borrokaren arteko lotura bikain bat sortuz.

Aipatutakoak erakusketan ikus daitezkeen lanen parte bat dira, Jeletonek lorearen inguruan eraiki duen unibertsoaren eta sentipenaren adibide bat. Ez da jakina erakusketa hau proiektuko azkena izango den. Hala bada, proiektu zoragarri honi amaiera on bat emateko modu egoki bat izango da. Nabarmentzeko moduko mostra da, eta benetan eskertzekoa da halako proposamen bikainak gure artean zabaltzeko egiten den ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.