KRITIKA. Artea

Anni Albers

2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

'Anni Albers: Ikusmena ukitu'

Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: 2018ko urtarrilaren 14ra arte.

XX. mendeko abangoardiak gizonezko izenekin identifikatzen irakatsi izan digute: Picasso, Kandinsky, Mondrian... Haiek izan omen ziren artearen mintzaira hankaz gora jarri eta iraultza ekarri zutenak. Baina, haiek izan al ziren? Edo, galdera birformula dezaket. Haiek soilik izan ote ziren iraultzaren pizgarri eta sortzaile? Merituak eta medailak beraiei jarri zaizkie, hor ez dago dudarik, baina dudarik ere ez dago —eta, zorionez, gero eta gutxiago— ikasgeletan eta oraindik ere museo gehientsuenetan gailentzen diren izen horiek ez zirela izan lengoaia berritzaile, arte espresio eta ideia berrien bultzatzaile nagusi bakarrak.

Berebiziko esfortzua egin behar izaten da historian zehar emakume artisten izenak berreskuratzeko, eta, abangoardien kasuan, esfortzu hori bereziki handia izan ohi da. Zenbaitetan irudi dezake kasu bakanak izan zirela, emakumeren bat agian iritsi zela hala nola gizonezkoek zuten maila izatera, bere ezaugarri biografiko esanguratsuren batek lagunduta maiz, eta noski, bere senar-anaia-aita-maitale edo dena delako babeslearen laguntzarekin betiere. Zorionez, mito hori apurtzen ari da, hain zuzen ere, pixkanaka, mitoa dela ohartarazten ari garelako. Aparteko emakumezko artista askok lan egin zuten abangoardietan, eta, zorionez, horren adierazle dira geroz eta maizago egiten diren banakako erakusketak ere, beren lana errekonozituaz, eta baloratuaz. Aurreko urtean, San Telmo museoan Lucia Moholyren lanaz disfrutatzeko aukera izan genuen, eta oraingoan, berriz, Anni Albersen txanda izan da, bere banakakoa ekarri baitute Guggenheimera.

Erakusketa modu kronologikoan antolaturikoa izanik, haren bilakaera artistikoa modu ezin hobean ezagutzeko eta ulertzeko parada ematen du. Bauhausen ikasle eta, ondoren, irakasle izandako urteek ematen diote hasiera, eta horma osoa okupatzen duen tapiz batek ematen du ongietorria. Lana ikusgarria da, ez soilik tamainan, bai eta konposizioan eta koloreen tratamenduan ere, baina bereziki ehungintzaren teknikaren erabileraren bidez, elementu horien artean lortzen duen oreka da aipagarriena.

Hala ere, benetan aipagarri eta interesgarria, Albersen lanaren bilakaera da. Izan ere, haren garaiko zenbait artista Bauhausek sustatutako formen sorkuntzan gelditu baziren ere, Albersen lanek pauso bat aurrerago joateko gaitasuna izan zuten, ikerketarako zuen etengabeko grinari esker. Hainbat materialen erabilerak, haiek sortutako efektuak, era bateko eta besteko forma eta koloreen bidezko sentsazioen azterketak... Horiek guztiek darabilte ikuslea erakusketa aretoetan barrena. Sosegua sortuz batzuek, ezinegona besteek. Irudi zuzen, ortogonal, zein, ondoren, baita guztiz lerro aske eta kiribilduei esker. Eta beti, arteari, teknologiari eta mekanizazioari begira jarriz, lotura honen bidezartearen presentzia egunerokotasunera ekartzearen ametsa eta nahiarekiko konpromisoa apurtu gabe jarraitu baitzuen artistak lanean, baita Estatu Batuetara erbesteratu zenean ere —non Black Mountain College eskola esperimental entzutetsuan irakasle lanetan ere aritu baitzen—.

Hain zuzen ere, uztartze hori dela medio ulertu behar dira Anni Albersek ehungintzaren alorretik kanpo landuriko beste hainbat mintzaira ere; tartean, eta agian bereziki esanguratsuena, grabatua. Igortzen duten edertasuna dela-eta lan hauek ere beren kasako piezatzat uler badaitezke ere, Albersek jatorriz prototipo gisara eginikoak dira, ondoren tamaina handiko tapiz bilaka zitezen. Lan horretan dihardu, Albersen gurariz, haren izena daraman fundazioak egun, eta azken lagin horiek ematen diote, hain zuzen ere, amaiera erakusketari. Albersek oraindik ere sortzen dihardu.

Aipatutako ekarpen bikain horiek, ordea, oraindik ere bigarren mailako sorkuntza gisara tratatuak izaten dira, zoritxarrez. Lehen begiradan irudi dezake ezetz, bere izenaren baitan bildutako erakusketa egin zaiolako, baina mendekotasuna detaile txikiek dakarte. Lehena, erakusketaren barruan irakur daitekeen lehenengo testuan dator: haren gizonaren aipamena. Zer garrantzia izan dezake, bada, horrek bere lana ulertu eta gozatzeko garaian? Batere ez. Gizonezkoaren izenak, hala ere, hor dirau. Esan bezala, abangoardiak maskulinitatearekin identifikatzen irakatsi izan digute... Bestetik, pena, erakusketa egin badute ere, txikia dela tamainan; eta ez instituzioak eremu falta duelako, ez eta Albersen lanak gehiagorako ematen ez duelako ere. Oraingoan, Bill Viola artistaren erakusketarekin batera dago ikusgai, eta argi dago nork duen protagonismoa, boterea, bien artetik. Anni Albers zuri-beltzean agertzen da; Bil Viola berriz, kolore bizi erakargarritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.