KRITIKA. Artea

Une bat baino gehiago

Bruce Davidsonen erakusketako irudietako bat. ©BRUCE DAVIDSON/MAGNUM PHOTOS.
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun

'Bruce Davidson'

Non: Bilboko Rekalde Aretoa. Noiz arte: Maiatzaren 6ra arte.

Bartzelona, Madril, Turin eta Rotterdam hirietatik igaro ondoren, gaur Bilboko Rekalde aretoan dago ikusgai Bruce Davidson argazkilari estatubatuarraren lana, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Mapfre Fundazioaren eskutik. Carlos Gollonet komisario duela (Mapfre Fundazioko argazki eremuko kontserbatzaile burua), 1933an Illinoisen jaiotako argazkilariaren 50 urte baino gehiagoko ibilbidea aurkezten zaigu, ia 200 irudi biltzen dituen hautaketa baten bidez.

Erakusketa osatzen duen argazki multzoa hainbat seriez osatuta dago, aurreko mende erdialdetik egungo mende hasieraraino doazenak. Gollonet komisarioak azpimarratu duen bezala, Davidsonen irudien indarra ez da unean, argazki bakarrean biltzen, argazkiek osatzen duten multzoan baizik. Horrela, seriearen garrantzia eta balioa azpimarratzen da; hainbat irudi bata bestearekin elkartu eta indartzen dira, lanari beste dimentsio bat emanez. Gaiak, orokorrean, ahaztutako pertsona edo gizataldeen inguruan eraikitzen dira, eta intimitate eta gertutasun maila handi bat lortzen duten irudiak ikus daitezke.

Ezaugarri hauen adibide garbi bat da erakusketan aurkezten den lehen argazki multzoa, Wall senar-emazteak (1955). Davidson zerbitzu militarra egiten ari zela, Arizonan, Ford zahar bat gidatzen zuen agure batekin topo egin zuen, John Wallekin. Ordutik, harreman estu bat sortu zen John eta Kate senar emazteekin, eta kontraste indartsuak nabarmentzen dituen argazki multzo honekin bikotearen egunerokotasuna erakusten da, ekintza txiki eta xumeen bitartez. 22 urte zituela, 1956. urtean, Davidson Parisko kanpamentu militar batera bidali zuten. Bertan, Madame Margaret Fauche ezagutu zuen, Montmarteko alarguna argazki multzoaren protagonista. Emakume hori Leo Fauche pintore inpresionistaren alarguna zen, eta mugimenduko gainontzeko artistak ezagutu zituen.

Bi urte geroago, jada Magnum agentziaren parte zela, Ipotxa argazki multzoa osatu zuen. Horretarako, Clyde Beatty zirkuan barneratu zen, Amerikaren historiako famatuenetakoa. Bertan, hainbat artistaren egunerokotasunean murgildu zen, ikusleen begi bistan ez dagoen munduan barneratuz; bereziki Bertan Amstrong pailazo ipotxaren eguneroko eginbeharrak erakutsi zituen, tristuraren eta bakardadearen inguruko sentimenduak iradokitzen dituzten argazki batzuetan. Hurrengo bi multzoak 1959. urtekoak dira: Brooklyngo bandak eta Coney Island argazki serieak. Lehenengoan, Brooklyngo gazte taldeetan barneratu, eta nerabe horien arazo emozionalen eta abandonuaren inguruan eraikitzen den tentsioa azaltzen da. Bigarrenean, berriz, mugimenduan eta keinuan oinarritzen den begirada azkarrago bat ikus daiteke, erabilitako kameraren ezaugarri teknikoen ondorioz. Orduko argazki proiektuekin amaitzeko, Ingalaterra/Eskozia seriea ondu zuen 1960an. Bertan, gizarte britainiarra irudikatu zuen, hainbat mailako pertsonak lanean nahiz aisialdian erretratatuz.

1960ko hamarkada garrantzitsua izan zen AEBetako historian; besteak beste, arraza diskriminazioaren aurkako borroka garatu zen. Davidsonek Guggenheim museoaren beka bat lortu berri zuen AEBetako gazteriaren inguruko proiektu bat gauzatzeko, eta, beste alde batetik, The New York Times egunkariaren enkargu bat ere jaso zuen, Askatasunaren aldeko bidaiariak deituriko mugimenduari jarraitzeko. Horrela, herrialdearen hegoaldean gertatzen ari ziren mugimenduak dokumentatu zituen Aldaketa garaia (1961-1965) proiektuaren bidez; ezinbesteko irudiak bilakatuko dira, garaiko berdintasun aldarrikapenak eta borrokak irudikatzen baitituzte. Garai hartakoak dira Oaxaca, Sizilia eta Espainiara egindako bidaietako argazkiak ere.

Erakusketako kalitatea eta interes maila ez da batere jaisten; horren adibide, 60ko hamarkadako bigarren erdialdean eta 70eko hamarkadan egindako bi argazki multzoak. Lehena, Calle 100 Este (1966-1968), Spanish Harlem edo El barrio esan ohi zitzaion zigortutako zonaldean ardazten da, bukatu eta hurrengo urtean MoMA museoan erakutsi zuena. Bigarrena, Garden kafetegia (1973-1976), gudatik ihesi AEBetara joan ziren juduak biltzen ziren kafetegi batean oinarritua. Davidsonek iragan ikaragarribat zuten pertsona horien sentipenak irudikatu zituen, bera ere judu jatorrikoa baitzen.

Amaitzeko, 1980. urtean sortu zuen New Yorkeko metroaren inguruko serieaz gain, naturaren inguruko trilogia bat ere erakusten da; New York, Paris eta Los Angelesen onduak dira.

Benetan ikaragarria da atzera begirako hau denboraren perspektibarekin ikustea. Davidsonen lana bizitza eta historia dira; hainbat argazki multzoren bidez, artistaren eta protagonisten sentimenduak azaltzeaz gain, XX. mendeko giza historiaren gertaera garrantzitsuen dokumentazio lan bat sortzen du. Dokumentuan bainoago, sentimenduen gainean eraikitzen diren lana eta historia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.