Inprobisatuz hazteko

Mikel Cabrerizo eta Paco Polan artistak 'Barruko landareak' proiektua lantzen ari dira, Uharte zentroan. Inprobisazioan oinarritutako lana da

Mikel Cabrerizo eta Paco Polan, beren lanaren elementuekin. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Uharte
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Bi eskultoreren arteko lankidetzak botanikako fenomeno baten antza izan dezake». Hori uste dute Paco Polan eta Mikel Cabrerizo artistek. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) elkartu dira, egonaldi artistiko bat egiteko, Habitación eremuan. Aldez aurretik zehaztutako helbururik gabe, inprobisazioari bidea eman diote, eta haien lana modu naturalean haziz joan dadila utzi dute. Barruko landareak izena jarri diote proiektuari, landare horiek «hazkunde motelaren eredu» direlako. Denbora eta espazioa kontzienteki landuz, egokitu zaien gela «habitatzen» saiatuko dira, urriaren 14ra arte. Atzo aurkeztu zuten proiektua, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan.

Uharte zentroak egonaldi baterako proposamena egin zion Cabrerizori, eta hark egonaldia Polanekin batera egitea erabaki zuen. Orduan, eskultoreek bientzako berria zen zerbait egitea erabaki zuten: proiektu bat zehaztu eta hori gauzatu beharrean, alderantzizko prozesua egitea; inprobisatzea. Hala erabaki zuten barruko landareen kontzeptutik abiatzea. «Barruko landareak bezala hazi nahi dugu; airea, denbora eta espazioa kontsumitu, gehiegi mintzatu gabe. Eskulturak, objektuak, planoak, marrazkiak, ideiak trazatu; airea eta lurra okupatu». Hori da artistek beren buruari ezarritako helburu bakarra, eta asmo horrekin heldu ziren abuztuaren 31n Uharte zentroko Habitación-era. Orduan, espazioa «habitatzeko» xedez, eraikinaren planoak eskuratu zituzten, eta haien gainean lanean hasi ziren. Izan ere, eraikinak berak garrantzi handia du haien lanean, Polanek adierazi duen bezala: «Oso espazio handia, sendoa eta garbia da; eta ez da arrotza, baizik eta atsegina».

Polaroidak

Abiapuntu horrekin, sortzeari ekin zioten, espazioak iradokitzen ziena landuz eta bata bestearengandik ikasiz. «Ideiak ureztatzen ditugu, eta haiek espazioan zehar hedatzen dira», adierazi du Cabrerizok. Besteak beste, Polaroid kamera bat erabiltzen ari dira, lan egiten duten bitartean—eraikinaren barrukoak eta kanpokoak— topatzen dituzten elementuak fotografiatzeko. Argazkietan ikus daitezke hildako txori bat, landare bat, oinatz bat, zuhaitz bat... Guztiak gelako paretan jarriz doaz, amaieran istorio bat sortzeko. «Irudi horiek taupadak dira; hazkundea», Polanen hitzetan.

Prozesuan sortzen ari direnarekin pozik daude bi artistak. Lehen aldia dute halako zerbait egiten, eta irrikan daude amaieran zer aterako den ikusteko: «Eztanda bat gertatuko da agian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.