gorka julio
IRLEN SAREA

Gauzen liburutegiak

2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Behin bakarrik erabili behar dituzun gauzak maileguan hartzeko aukera izango bazenu? Hiri askotan «gauzen liburutegiak» sortzen ari dira, library of things eredu antzekoekin. Azkenetako bat, Bartzelonan sortu dute Sant Marti barrutian: bibliodecoses.cat/.

Liburutegi horiek irekiak dira, eta haietan liburuak maileguan hartu beharrean, bestelako objektuak daude. Horiek erabili ahal izateko, bazkide egin behar zara, eta sarrera kuota txiki bat edo diru-kopuru bat ordaindu beharko duzu akaso zerbitzua erabiltzen duzunean.

Kasu askotan tresnak mailegatzeko erabiltzen dira; objektu horiek, normalean, etxean izaten ditugu, baina oso gutxitan erabiltzen ditugu beren bizitza baliagarri osoan; zulatzeko makina adibide bikaina da.Baina horiez gain, noizbehinka behar dituzun beste produktu batzuk ere maileguan hartzeko aukera duzu hemen: proiektagailua, kanpin denda, termoak...

Herritarrek objektuak partekatu eta maileguan hartzeaz gain, haiek erabiltzen eta konpontzen ikasten dute, gauzen bizitza luzatzen eta hondakinak murrizten laguntzeko. Horietako batzuen garapen naturala hondakinen murrizketa eta komunitatearen indartzea sustatzen dituzten tailerrak eta jarduerak antolatzeko gune bat litzateke.

Batzuek ez dute pausoa inoiz emango, eta negozioa egin nahiko duenik ere egongo da. Garrantzitsua litzateke, baina, liburutegien izaera publikoaren antzekoak izatea. Batzuetan laguntza publikoarekin eraiki izanagatik, eta besteetan komunitate batek herritar talde antolatuek beren zenbait behar asetzeko helburuarekin eraikitzen direlako.

Gauzez ari gara oraindik, baina bizkor egin dit buruak salto beste behar batzuetara ere. Teknologiaren bitartekaritza, objektuen berrerabilera sustatzeko erabiltzeaz gain, izaera publiko berri bat indartzeko baliatzerik balego? Nolakoak lirateke horretarako gune fisikoak zein birtualak?

Jauzi handia dago objektuen truketik pertsona taldeek dituzten behar orokorretara; baina azken aldian Pirinioetako eskualdeetara egindako bidaiek teknologia horiek komunitateak egituratzeko erabil daitezkeela pentsatzera eraman naute. Gune urbanoan interesgarria dena, beharbada han komunitate batek bizirauteko aukerak biderkatzeko tresna izan daitekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.