gorka julio
IRLEN SAREA

Ez dago bando onik

2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kriptodiruari lotutako proiektuak ez ezik, teknologia enpresa handiak ere beren balioa murrizten ari dira. Burbuila batek eztanda egin duela eta eztandaren dimentsioa oso handia izan daitekeela dirudi.

Kriptodiruari lotutakoarekin espero zitekeen, espekulazio izugarriko eremu bat izan baita hasieratik. NFTekin hasi zen kontua, eta orain kriptotxanpon ezberdin askori eragin dion balio galtze handi bat gertatu da. Teknologia handien kasua aurreikusten zailagoa zirudien. Baina hainbat arrazoirengatik fase aldaketa bat adierazi dezake oraingo erorketa horrek.

Begizta kapitalistaren milaka garroko munstroa aske dago kontrolik gabe. Hori omen zen bere benetako izatea. Prezioen igoera, gerrak ekarritako ezinegona, burbuilak, tipoen igoera, finantzaketaren zailtzea... Egiak baino gezur gehiago asmatzen aritzen den ekonomista-azti bakoitzak bere azalpena dauka gertatzen ari denaren bueltan. Ekonomia, zientzia bainoago, sinismena edota erlijioa dela dirudi, iritziak irakurrita.

Argi dago zerbait gertatzen ari dela. Aipatutako arrazoiez gain, Txinaren rola azpimarratuko nuke, garrantzitsua dela iruditzen zaidalako.

Txinak, alde batetik, kriptotxanponen inguruko operazioen kontra jo du, bigarrenez. Bestetik, bere merkatuan kanpoko teknologientzako gero eta tarte gutxiago uzten ari da; proposatu du, bi urteko epean, publikoak diren erakundeetan bertan ekoitzitako teknologia soilik erabiltzea. Halako neurri gehiago ere bai. Azkenik, garapen teknologikoari dagokionez, zenbait eremutan aurretik kokatuta da jada. Akaso, Txinaren eta AEBen gerra ekonomiko baten icebergaren punta ikusten ari gara.

Iritzi ezjakin honek egiatik zenbat duen ere ez dakit neronek, baina behintzat balio beharko liguke teknologia burujabetzaren perspektiban sakontzeko. Teknologia burujabetza ez da soilik telekomunikazioei lotutako afera bat. Teknologia burujabetzaren garrantzia ezagutzan, softwarean, hardwarean, protokoloetan eta pertsonetan landu beharreko ildo oso bat da. Bakarrik bainoago, elkarren beharra dugula ulertzen duten eta horregatik burujabeago bihurtzen diren egitasmoetan dago gakoa. Hori garatu ezean, bandoa aukeratu beharko dugu. Eta aurreratzen dizuet: ez dago bando onik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.