gorka julio
IRLEN SAREA

Algoritmoen erregistroa

2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
EH Bilduk akordio zabal bat lortu du EAEko administrazio publikoek erabiltzen dituzten algoritmoak eta adimen artifiziala etikoak, justuak eta inklusiboak izango direla bermatzen saiatzeko; Algoritmoen Erregistro Publiko bat sortuko dute.

Jaurlaritzak Algoritmoen Erregistro Publiko eskuragarri eta garden bat sortuko omen du «euskal administrazio publikoek erabiltzen dituzten algoritmo eta adimen artifizial sistema guztiak barne hartuko dituena, bai eta haiei zuzeneko edo zeharkako edozein kudeaketa-moduren bidez zerbitzu publikoak ematen dituzten erakunde pribatuetan erabiltzen direnak ere». Era horretako politiketan aitzindaria izango dela esan du Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkideak. Ikusiko dugu ea ez den hezkuntzan software librearekin egin beharreko pilotuarekin bezala gertatzen; ez baitakigu ezer.

Hainbat aditu eta algoritmoekin lanean diharduten pertsonekin hitz egin ondoren hartu dute erabakia. Hainbat algoritmori buruz informazioa jaso zuten: VeriPol algoritmoa, salaketa faltsuak hautematen dituena; Ris Canvi algoritmoa, Kataluniako espetxeetan preso bat aske uztean berriz delitu bat egiteko duen probabilitatea kalkulatzeko erabiltzen dena; Bosco algoritmoa, argindarraren fakturaren ordainketaren bonua erregulatzeko erabiltzen dena; VioGen algoritmoa, genero-indarkeriako erasotzaileek beste eraso bat egiteko duen arriskua estimatzen duena... Algoritmo horietan erabakiak kodetzen dira. Batzuetan erabakiak ez dira batere gardenak, ezta fidagarriak ere. Ikusi dugu Gasteizko hilketa matxistari lotuta VioGenek emandako pronostikoak zertarako balio izan duen.

Algoritmo batek %80tik gorako hobekuntza bat suposatu beharko luke gizakiek egiten dugun lanarekiko, eta kasu larrietarako %95 inguru egotea litzateke komenigarria. Asko dirudi, baina gogoratu txanpon bat airera botatzeak %50eko asmatzeko aukera ematen duela, eta aditu baten lana normalean %80 inguruan kokatu daitekeela.

Pribatutasunaren ikuspegitik zein gizarte arrakalan sakontzeko arriskuak nabarmenak dira. Gehien garatzen eta erabiltzen diren algoritmoek kontrol sozialerako joera dute. Kontrol soziala ezarri ez, baina pertsonen bizitzak hobetzen dituzten algoritmoen beharra izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.