Niño de Elche. Musikaria

«Erroetara joatea ideiak mailegatzea da»

Soinuaren aukerak infinituak direla sinetsita, Karibeko erritmo dantzagarri eta hautsiak flamenkoarekin gurutzatu ditu 'Colombiana' disko berrian. Donostian aurkeztuko du gaur, Viktoria Eugenian.

NIÑO DE ELCHE.
itziar ugarte irizar
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Flamenko guztia da «joan-etorriko kantua» Niño de Elcherentzat (Elx, Herrialde Katalanak, 1985). Sariak eta laudorioak han-hemen biltzen hasi zen, eta flamenkoaren mundu oparotik ari da bidea egiten. Francisco Contrerasen atzean dagoen egileak musikari askorekin egin ditu kolaborazioak, eta urte erdi pasa darama lan berria aurkezten: Colombiana (Sony, 2019). Bogotan grabatu du, Eblis Alvarez ekoizle eta instrumentistarekin batera. Diskoak bidaia bat proposatzen du: kakaoak, kafeak, kokainak zein aiahuaskak egindakoaren bide beretik. Donostian izango da gaur, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan.

Eblis Alvarez eta bion arteko lankidetza, fusio eta mestizajetik harago, talkatik gertuago dagoela diozu.Nola ikusi zenuen hor landu nahi zenuen bide bat?

Tradizio musikal ezberdinetatik datozen artistak elkartzen direnean, sortze prozesua forma estetikoen talka baten antzekoa izaten da. Elkar ukitze labur horren bidez, elkarbizitzan jartzen dira soinu, erritmo, doinu eta poesia ezberdinak. Nik hortik planteatu nuen Eblis Alvarezekiko lankidetza. Bera bere motxilarekin zetorren, eta ni, nirearekin; erreferentziaz eta Pedro G. Romerorekin landutako kontzeptuz betetako zaku aberats bat genuen. Elementu horiekin, world music etiketatik eta bere lan egiteko moduetatik urrundu nahi genuen; fusioaren formatik, esaterako. Preprodukziotik bertatik musika ezberdinak elkartzeak gure gorputz eta gogoak zeharkartu zituen.

Eta nola elkartu dituzue Kolonbiako doinuak flamenkoarekin?

XX. mende hasierako flamenkoaren eta musika afro-karibetarraren grabazioak modu erradikalean entzuten. Egun, garrantzitsuena ez da grabazio serie bat zure eskuetan izatea —Alan Lomaxen estilora egindako herri musika batzearen lilura hori gaindituta diot hau—. Niretzat, gakoa da nola hurbiltzen zaren grabazio horietara, zenbateko arretarekin; azken finean, nola pentsatzen dituzun. Hori da interesatzen zaidana artxiboarekin lan egiten duen jendearengandik; ez hainbeste hor topatzen dutena erreproduzitzeak edo musiken antzekotasunak bilatzeak. Hori liburu eternal baten lehen orria baino ez da.

Diozunez, Alvarezek eta biok oso ondo ulertu duzue elkar, leku bertsutik ulertzen duzuelako musika. Zein da leku hori?

Hain zuzen, ezleku bat da leku hori, bazterrean geratzen dena, non lan egin daitekeen. Egotzi ahal zaizkion ideia nazionalistetatik harago doa musika, bai musika latinoa eta berdin flamenkoa. Bien arteko loturak gehiago izan daitezke antropologikoak musikalak baino, edo alderantziz: elkarren loturarik ezak ere zabaltzen du espazio bat orain arte egin gabeko loturak indartzeko. Laburrean, soinuaren aukerak infinituak direla ulertzea da gauza. Eta erroaren ideiak musika errituari lotutako jarrera erradikala ezkutatzen duela, ez arte tradizionalista edo kontserbadore bat.

Colombiana-n, erroekin egin duzuen lana zenbateraino dago lotuta iragana ezagutu eta oraina ulertzeko nahiarekin?

Morton Feldman konpositoreak esaten zuen eduki daitekeela zaharraren eta modernoaren gustua, baina inoiz ezin dela biekin konprometituta egon. Diskurtso sozialdemokraten aurkari sutsua naiz. Diskurtso horiek esaten dute egon daitekeela, aldi berean, iragana zapaltzen eta orainari gauza berriak ekartzen. Ni nire garaikidetasunarekin nago konprometituta. Horregatik, erroetara joatea niretzat ez dago lotuta inolako aldarri historikorekin edo irrika malenkoniatsurekin; beste batzuen ideiak eta ekintzak mailegatzea da, iraganekoak izan ala ez, nire garaian errealitate ezberdinak eraikitzeko. Horregatik behar dut ezagutu nondik hartzen dudan, iraganetik etorri edo ez.

Kantuak kolonialismoaz, migrazioaz, drogez, esklabotzaz eta abarrez ari dira. Nola hurbildu biolentzia horietara?

Biolentzia ezberdinak dira, baina inoiz ez modu negatiboan ulertuta, biolentzia leku guztietan baitago, batez ere artean. Giza harremanek berekin dakarte indarkeria, tarteko baldintzak edozein direlarik ere. Hortik sortzen dut errealitate berri bat, kritikoki pentsatzen segitzeko aipatu dituzun gai horien inguruan.

Diskoaren inguruan landu duzun beste ideia bat «joan-etorriko kantua» da. Zer da?

Espainiaren eta Hispanoamerikaren arteko migrazio fluxuen bidez sortu ziren kantuei egiten die erreferentzia. Ikuspuntu erromantiko batetik sortutako ideia bat da, askotan fikziozkoa. Hortik abiatu gara landu nahi genituen gai batzuk garatzeko.

Erritmo ugari eta dantzagarriak ditu diskoak, ohikoa duzun oinarri esperimentalari uko egin gabe. Zure aurreko lanak baino errazagoa delakoan zaude?

Erritmikoa eta dantzagarria izatea ez dago esperimentala izatearekin kontrajarria. Niretzat, esperimentazioa gehiago da sortzeko modu bat edo artean egoteko modu bat; inoiz ez da estetika definitu bat.

Euskal Herriko musikari askorekin izan duzu harremana. Disko honetan, badago kantu bat (Colombiana vasca), zeinetan Maialen Lujanbiok eta Beñat Axiarik hartzen duten parte.

Bilboko itsas portua Ameriketara txokolate gehien esportatzen zutenetako bat zen. Anekdota horrekin, eta kakaoa beste droga bat balitz bezala hartuta, aitzakia ona ikusi genuen gure Colombiana vasca propioa sortzeko. Esaten da Pedro Marchenak sortutako colombianak zortzikoaren eragina duela, eta, Ertz festibalean Maialen Lujanbio eta nire lagun kutun eta miretsi Xabier Erkizia entzutean, ulertu genuen, bai nik eta bai Pedro G. Romerok, lan zail eta zoragarri horri ekiteko osagai guztiak genituela. Zalantzarik gabe, disko osotik gusturen geratu garen piezetako bat da hori.

Orain arte egin dituzun urratsetan, askok ulertu dute musika independenteko ikono bat izatetikindustriako handiekin aritzera igaro zarela. Zer deritzozu orain artean egindako bideari?

Inoiz ez nintzen sentitu musika independenteko ikono bat. Gaizki izendatua den musika independente horrek ez ninduen kontuan hartu harik eta Sonar bezalako festibal batek edo El País eta Rockdelux agerkariek nire proposamenari arreta jarri zioten arte. Honekin esan nahi dut espazio komertzial eta mediatiko handirik gabe musika independenteak ez ziola nire lanari modu positibo batean erreakzionatu, eta bere logikak ez direla hain desberdinak kritikatzen dituzten beste bitarteko batzuen aldean. Sony bezalako multinazional batekin lan egiteak nire ibilbide diskografikoari onurak ekarri dizkio, eta, zorionez, multinazional batekin lan egiteko modu asko daude. Nire kasuan, ez du apurrik ere moldatu nire proposamen artistikoa. Gainera, hedatua eta artistikoki babestua izateak produktua hobetu du. Niretzat —eta hemen dago interesgarriena—, konplexutasuna beste leku batean dago, eta ez hainbeste ustezko aurkaritzak sustatzean. Nire esperientziagatik, behintzat, esan dezaket ez dela horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.