Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Doraemon

2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Nire gurasoak ez dira euskaldunak, baina euskara ikas nezan, amak ETB1en goizean emititzen zituzten marrazki bizidunak VHSko zinta batean grabatzen zituen haurtzaindegian nengoen bitartean, eta bertatik itzultzen nintzenean ikusten nituen. Eskolan irakasle askok nire ama zoriondu zuten hori egiteagatik, eta askotan eskertu diot egin zuen esfortzuarengatik. Handitu nintzen arte, euskarazko bikoizketa zuten marrazki bizidun asko ikusten nituen eta askotan Euskal Herritik kanpoko lagunekin oso arraroa egiten zait Dragoi Bola, Doraemon edota Sakura bezalako animazioen inguruan hitz egitea. Haien bertsioak gazteleraz edo katalanez izan ziren, eta bitxia egiten zaigu marrazki horien abestien bertsio desberdinak alderatzea.

Aurreko astean, ETB3 Nafarroa osoan ikusteko aukera egongo dela adostu zuten EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak. Horrek polemika sortu du Espainiako eskubiko alderdi politiko askotan, UPNn ere bai. Haientzat, Nafarroako umeek marrazki bizidunak euskaraz ikusteko aukera hori ez da ona, eta beldurra dute. Ez nago ziur zeri dioten beldur, agian ume elebidunek dituzten abantailen aurka daude edo euskaldun izatea terrorismoarekin lotu nahi dute berriro ere.

Madrilgo erkidegoko presidente Diaz Ayuso arduratuta dago horrekin ere. Duela hilabete batzuk gaztelaniaren bulegoa sortu zuen, dirudienez hizkuntza hegemoniko hori arriskuan omen dagoelako. ETB3ren albistea jakitean, bere ardura adierazi zuen prentsaren aurrean, eta Diaz Ayusok euskara telebistaren bitartez inposatuko dela salatu du. Horrek gizartea banatzea ekarriko duela esan du politikari madrildarrak. Euskara ezagutzen ez duten politikariak izan dira neurria kritikatu dutenak. Aldiz, euskaldunon artean albistea aurrerapauso txiki gisa ikusi dugu, Lander Arretxeak bere aurreko zutabean azaltzen zuen bezala.

Eta bitartean, Nafarroako ume guztiek marrazki bizidunak euskaraz ikusteko aukera izango dute. Batzuek aukera hori aprobetxatuko dute eta beste batzuek Disney Plus edo beste plataformetan ikusten dituzten marrazki bizidunak ikusten jarraituko dute. Euskara ikasteko modu anitz daude eta bakoitzak berea aurkituko du. Nirea marrazki bizidunak izan ziren, beraz: Gora eta gora beti, Doraemon!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.