Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Telebista, bai ala ez

2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Azkenaldian, BBC telebistak ekoiztutako telesail ugari ikusten nabil. Guztiak ere, katearen sareko iPlayer-a erabiliz, eta ordenagailu eramangarrian ikusi ditut. Gailu tradizionalik gabe bizi naiz eta hori da telebista edukiak ikusteko erabiltzen dudan bide bakarra. Garai berriekin batera, ofizio berriak ere agertzen dira, lagunok, gailurik gabeko telebista kritikaria bainaiz. Telesail horien artean Press, Wanderlust eta Bodyguard daude. Lehenengoak ikuspuntu kontrajarriak dituzten bi egunkaritan lan egiten duten protagonisten egunerokoa du ardatz. Batak kalitatezko edukien eta salmenten artean oreka bilatzen duen bitartean, besteak kazetaritzaren balio moralak baztertzen ditu edozein istorio salgarriren truke. Azaleko gidoia du eta bi aldiz geratu naiz lo betaurrekoak kentzeko astirik izan gabe. Bigarrenak, aldiz, xarma handiagoa du: bikote harreman irekia izan nahi duten bi lagunen istorioa. Hori ere ez zait askorik gustatu. Imajinatuko duzuen bezala, negarretan amaitzen dute guztiek, eta nahiko alferra naiz jendea negarrez ikusteko. Azken telesaila, berriz, thriller bizi bat da. Buruko gaitzak dituen eta gerratik itzuli den soldaduak Erresuma Batuko politikari bat babestu behar du, eraso terrorista izateko arriskuan baita. Mundu guztia ari da telesail horretaz hitz egiten Eskozian; diotenez, protagonista nagusiak hurrengo James Bond izateko aukera asko ditu.

Hainbeste BBC ikusita, telebista gailua erostea pentsatu dut. Erosoagoa iruditzen zaidalako etxera heldu bezain laster, urrutiko agintea hartu, eta lineako emisioa ikustea. Sofan eseri eta hortik mugitu gabe kateak gora eta behera aritzea. Inolako esfortzurik egin gabe —zer, non eta nola ikusi pentsatzeko beharrik ez— ikus-entzunezko edukiak eskuragarri izatea. Halere, gauza positiboak baino, negatiboak ikusten dizkiot gehiago. Etxekoen arteko giza harremana murriztuko luke telebistak, gure atentzioaren erdigune bilakatuta. Ordenagailu eramangarriarekin oraindik egin ditzakezu beste gauza batzuk; irakurri, idatzi, besteekin komunikatu... Eta etxeko Interneteko konexioa kentzen badut? Modu horretan gure artean hitz egingo genuke are gehiago, irakurriko nituzke liburu gehiago eta mahai jokoak erabiliko genituzke gehiagotan. Noski, oraindik sakelako telefonoa geratuko litzaiguke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.