Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Bella ciao

2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Abesti gogoangarri askoren patua da: testuinguru batean eta funtzio batekin sortu arren, denboraren poderioz eta bertsioz bertsio, esanahi berriak hartzen dituzte. Ederra da horri erreparatzea: nola hitz eta melodia batzuk kolektibo bihurtzen diren, nola aldatzen diren herrialdez herrialde bertako egoerara egokituz, nola bide propioa egiten duten inori baimenik eskatu gabe. Abestiari esanahi berria ematen diona milioika euroko aurrekontua duen produktu global eta arrakastatsua denean, ordea, sor dezake —sortzen dit, zer demontre— halako azkura eta ezinegon bat.

Bada Pink Floyd arropa marka bat dela uste duenik, baden bezala Nina Simoneren tixertak janzten dituenik haren bizitza eta borroken berri batere izan gabe. Bella Ciao abestiaren txanda heldu da orain. Berriz. Bigarren Mundu Gerran nazien eta faxisten aurka ari ziren partisano italiarrek abesten zuten kanta da jatorriz,baina belarri guztietan ez du oihartzun bera eragiten. Bere amonari tarteka entzuten zion doinua da nire pisukide italiarrarentzat, gero gaztaroan bere egindako himnoa; 13 bat urte izango nituela ezagutu nuen nik, Nafarroa Oinez edo gisako batean, Banda Bassotiri esker; adoleszentzia etiliko eta ameslari baten soinu banda da. Eta orain, mundu zabaleko belaunaldi gazteago batentzat, zera da: La Casa de Papel telesaileko lapur heroikoen ospakizun abestia.

Itziar Ituño aktorea protagonista duen telesailak sekulako arrakasta izan du. Netflix plataformaren bidez, gaztelaniaz egindako inoizko telesailik ikusiena bilakatu da, eta nazioarteko Emmy bat irabazi du. Formula eraginkorra da: bikain uztartzen ditu ekintza eta harreman pertsonalen gorabeherak; eta bestela ere nahiko kolokan dagoen justiziaren zentzua jartzen du auzitan, lapur sentibera, bihotz oneko eta leialak erakutsiz. Askatasun eta borrokaren aldarria egiten dute, Bella ciao abestuz eta mundu osora zabalduz. Dena ez da txarra izango. Faxismoa gero eta antzemangarriagoa da: kalean, bozetan, diskurtsoetan. (Genero ikuspegitik kanpo) partisano italiarren abestiek ez dute batere gaurkotasunik galdu; haien borrokek ere ez. Baina espainiar Estatuko taxilariak greban dauden honetan titulu hau hautatu du zenbait hedabidek: «La Casa de Papel-eko abestia kantatu dute Madrilgo taxilariek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.