Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Olatuaren erresaka

2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ekografia hauek idazten hasteko gonbita jaso ondoren egin nuen lehendabiziko galdera hauxe izan zen: zer da telebista zuentzat? Galdera txepela dirudi. Baina nire kasuan, behintzat, asko aldatu da telebista hitzaren atzean dagoena. Niretzat, telebista, etxeko tresna bat da gaur egun: trastea bera, pantaila, egongelako sofa parean dugun hori. Gure etxean telebista dezente ikusten dugu, baina telebista katerik ia ez. Netflix, Amazon edo Filmin kea dariola ditugu, baina onartuko dizuet, ez dugula telebista kateen audientziarik puzten.

Fikzioa ikusten dugu bereziki, eta, portzentaje handi batean, telesailak. Amerikarrak, britainiarrak, irlandarrak, australiarrak, kanadarrak, alemaniarrak, danimarkarrak, suediarrak, norvegiarrak, eta islandiar batez ere hitz egin nizuen. Euskaldun bat ikusteko desiratzen gaude, baina telesail islandiarraz hitz egin nizuen hartan aritu ginen horretaz.Gaurkoan, beste kontu bati heldu nahi nion: mundu mailan gertatzen ari den iraultza honek sortzen duen ekoizpen olatu amaigabeari eta haren ondorioari, hain zuzen ere. Aspaldi ez da aste bat igaro inork telesail bat edo bi gomendatu gabe; eta, ikusi beharrekoen zerrenda, beldurra ematen hasi den puntu batera iristen ari da.

Duela ez asko Iban Zalduari irakurri nion Twitterren telesailen aro hau kulturari sartutako gol bat gehiago dela. Egia esan, ez nuen oso ondo ulertu zer esan nahi zuen. Baina azken bi urteetan irakurri eta ikusi dudana berrikusiz gero, nire zentzua topatu diot esaldiari. Irakurlea naiz, batez beste, nobela eta komiki artean, hamabost-hogei bat lan irakur nintzakeen urtean zehar. Telesailen uholde honek harrapatu ninduenetik erdira jaitsi da urtean zehar irakur ditzakedan lanen kopurua; handitu, aldiz, telebistan, ordenagailuan, tabletean edo sakelako telefonoan ikusi ditudan telesailena. Uda honetan, urrutira joan gabe, Better Call Saul-en hirugarrena, Mad Men-en lehen biak eta Happy-ren biak ikusi ditut. Zenbat irakurri dudan? Komiki bat: Arrugas (eta eskerrak! Merezi du).

Eta nora iritsi nahi dut honekin? Ba, ez dizuet gezurrik esango, ez dakit. Dakidan bakarra da iraultza honekin ikaragarri gozatzen ari naizela, baina aldi berean kezkak ere sortzen dizkidala. Lehen, liburu txar gutxi irakurtzen nituen, eta, orain, telesail kaskar dezente ikusten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.