Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Mina, dolua, zirrara

2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Mina eta dolua eragin du Roberto Fraile eta David Beriain kazetarien hilketak, eta zirrara handitu egin da haiei buruzko informazioa jasotakoan; areago haiek zein haiek egindako lanak ezagutzen zituztenen iritziak entzun eta irakurri ahala. Fraile, Beriain eta bien lanak ezagutzen ez genituenok sarera jo ahal izan dugu, zer lan egiten zituzten jakiteko, eta ikusitakoa bat etorri da entzundako laudorioekin, bizitasun handiko kazetaritza onesta utzi baitute arrasto gisa.

Sare sozialetan Fraile eta Beriainen hainbat lan ikusiz, Discovery Max kateak duela bost urte emandako Clandestino saioko hiru dokumentalen arteko aurrenekoa izan daiteke akaso interesgarriena, edo interesgarrienetako bat gutxienez. El ejército perdido de la CIA du izenburu eta Hmong herriaren historia tragikoa kontatzen du. Vietnamgo gerran, CIAk hainbat jende, eta kolektibo errekrutatu zituen isilpean bere alde borrokatzeko ustez neutrala zen herrialde batean, Laosen, eta Hmong herriari hainbat operazio klandestino enkargatu zizkion Vietnamgo iparreko armadaren aurka. Baina gerra amaitu eta gero, 1975ean, alderdi komunista iritsi zen agintera Laosen, eta Hmong armada suntsitzeko agindu zuen. Harrezkero, Hmong herriko kide batzuk oihanean babestuta bizi dira, egoera latzean, Laosko armadaren erasoetatik babesteko. Haientzat Vietnamgo gerra bukatu gabe dago oraindik, edo hala zegoen behintzat, 2016an dokumentala egin zenean.

Dokumentalaren une batean, Hmong herritarrak Laosko armadatik babestuta bizi ziren gunera iritsi aurretik, oihanaren erdian, armatutako 11 urte inguruko haur batzuek egiten diote ongietorria dokumentalaren egileen taldeari, handik bizi diren lekuraino bidean laguntzeko. «Enbaxada etorri da laguntzera», dio Beriainek une horretan kameraren aurrean, hunkituta, haurretako bat seinalatuz. «Imajinatu ezazue zer izan behar duen hemen bizitzea».

Une bat baino ez da Frailek eta Beriainek mundu osoan zehar jaso eta betikotutako beste askoren artean, baina erakusten du nolakoa den Fraile, Beriain eta antzeko kazetarien lana. Eta zirrara handia eragiten du une hori, Hmong herriaren «enbaxada» agertzen denekoa, orain, gertatutakoa gertatu eta gero, ikusteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.