EKOGRAFIAK
Oroitzapen pandemikoak
Orain, txertoaren eraginez eta indarrez, pandemia indarra galtzen ari dela dirudienean, itxitako mugak zabalduko direla, zurrundutako ordutegiak malgutuko, estalitako ahoak biluztuko; orain, zahar etxeetako egoiliarrak beren kaioletatik askatzen hasi direnean, erietxeak eta haietako ZIUak lehengoratzeko planen berriak hedatzen hasi direnean, konfinamendua iraganeko kontu bihurtzeko zorian dirudienean, pentsatzen hasita, uste dut telebistari dagokionez bi oroitzapen nagusi gordeko ditudala amesgaizto honetatik: batak Pedro Sanchez Espainiako presidentea du protagonista; besteak, Edurne Azkarate aktore, kazetari eta Egunean Behin lehiaketaren telebistako bertsioaren aurkezlea.
Pedro Sanchezi buruz betiko gordeko dudan oroitzapen pandemikoa iazko martxoaren erdialdekoa da, alarma egoera aldarrikatu eta esperantzarako deia egin zuenekoa, adieraziz aterako ginela ataka gaizto hartatik. Izu laborriak hartu ninduen hain politikari gorena hain une berezi, ezohiko eta garrantzitsuan hori esaten entzutean. Batetik, adierazpena egoeraren larritasunaren aitorpena zelako, de facto; bestetik, politikariek horrelako hitzaldietan duten sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa denez, esperantzarako dei ustez lasaigarri hura baikorrena ere dardarka jartzeko modukoa iruditu zitzaidalako.
Edurne Azkaratek Egunean Behin lehiaketa aurkeztu zuenean konfinatuta geunden, etxetik ia-ia ezertarako ere irten ezinda. Birusa kalean zebilelako irudipena genuen, nonahi ezkutatua, apopilo sartzeko gorputz bat noiz atzemango. Lehiaketa etxeko gelatik aurkeztu eta transmititu zuen Azkaratek, sinpletasun eta soiltasun erabatekoan, eta beharbada horregatik etortzen zait burura konfinamendu egun haiek gogoratzen ditudan bakoitzean, sinpletasun eta soiltasun hari esker konfinamenduan geundelako kontzientzia handienez ikusi genuen telebistako saioa izan zelako, konfinatuen sentiarazi gintuena. Eta hala ere bizirik eta goxo, etxeko lehiaketa beste etxe mordo batekin partekatzen. Ezer ez eta festa!
Bi oroitzapen pandemiko horiek utziko dizkit telebistak buruan iltzatuta, beldurgarria bata, samurra bestea. Ez dut gehiago behar. Niregatik, badauka pandemiak gure ondotik behin eta betiko alde egitea.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.