Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Maitasunaren hirukia

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Etxez aldatu nintzen 2020ko martxoan, eta Madrilgo beste auzo batera joan nintzen bizitzera. Ventaseko auzoa nahiko berezia da; zezen plazatik gertu, meskita ere ez dago urruti, eta M30 errepidearen kanpoaldean dago. Bertako merkatuan erostea asko gustatzen zait, eta hilabete batzuk daramatzat elkar laguntzen duten adineko emakumeetan begia jartzen. Fruta erosten ari nintzen emakume horietan erreparatu nuen lehen egunean. Nire postuan erosketa egiten ari ziren biak, eta beraien erosketa orga berean sartzen ari ziren. Bikote zirela pentsatu nuen lehen unean, eta, handik aurrera, binaka ikusten ditudan adineko emakumeei erreparatzen diet. Beti dut galdera bera: bikote izango dira edo lagun handiak? Emakume horien arteko erlazioa maitasun berezi batek lotzen duela argi dago, auzoko babes sareko pertsonak dira, eta batak bestea behar dute. Agian bikote izango dira zenbait, baina hori ez dut zehazki jakingo.

Maitasun erlazioak oso desberdinak izan daitezke: laguntasun handi bat, pasiozko erlazio azkar bat edota maitasun izugarria. Movistar Plusen ikusgai dagoen El Triángulo de Sternberg dokumentalean, maitasun erlazio horien adibideak erakusten dituzte. Sternbergen hirukiaren arabera, maitasunak hiru osagai garrantzitsu ditu: intimitatea, pasioa eta konpromisoa. Osagai horiek kontuan harturik, hainbat motatako erlazioak egon daitezkeela erakusten du Lola Herreraren ahotsaren bidez gidatutako dokumentalak. Pandemiaren ondorioz erlazio horiek nola aldatu diren erakusten da baita ere.

Istorio guztietatik, Maria eta Elviraren erlazioa aipatu nahi dut. Haien artean intimitatea da gakoa, eta beraien laguntasuna oso handia da. 94 eta 100 urte dituzte, besteak beste, eta duela 33 urte ezagutu zuten elkar, Mariaren alabaren gaixotasunaren ondorioz. Bartzelonan bizi dira eta elkar ezagutu zutenetik egunero ikusten dute elkar. Konfinamendua iritsi zenean, bakoitza bere etxean geratu zen. Koronabirusari beldurra zioten, baina bakardadeari beldur gehiago zioten. Telefonoari esker egunero hitz egiten zuten, baina bestea ikustearen falta handia izan zen.

Mariak eta Elvirak auzoan topatzen ditudan emakume horietan pentsatzea eragin didate. Lagun bikote horiek zeresan handia izan dezakete auzoan, baina inork ez die erreparatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.