Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Atenasko plazan

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Telebista tradizionala—zuzenekoa, sofa parekoa— ikusten ez dugunoi maiz gertatzen zaigu: aktualitatearen sokatik kanpo gabiltza; ezarritako programazioak ikusi beharrean, guk geuk erabaki behar izaten dugu zein saio ikusi; eta ez hori bakarrik, baita saio bakoitzaren zein atal ere. Kasurako: berandu batu naiz Munduko plazan programaren ikusleen oldera, eta sei hiriren artean hautatu behar izan dut nondik hasi: Istanbul, Mexiko, Zurich, Atenas, Lisboa eta Varsovia.

Jakin-minez baino gehiago, nostalgiaz hartu dut erabakia: Atenas, orain urte batzuk ondo samar —edo turistok ohi dugun baino sakonago, behintzat— ezagututako hiria; Mendebaldeko munduaren arrakala eta kontraesanekin parez pare jartzen zaituena. Zer utzi ote nuen ezagutu gabe? Zer geratuko ote da orduan ikusitako hartaz? Zalantza horiek kaskoan, heldu diot Leire Palaciosek —bolada luze batez zutabe hau bera idatzitakoa bera— aurkeztu eta Begira ekoiztetxeak osatzen duen saioari.

Behin ikusle lanari ekinda, azkar aldatu zait begirada. Bi gauza ikusi ditut gustatu zaizkidanak: batetik, Instagramen estiloa eta estetika integratzeko erabakia; ez da alferrik oporretan goazen aldiro argazkiz josteko erabiltzen dugun sare soziala. Eta bestetik, munduan barrena dabiltzan euskaldunak elkarrizketatzen dituzten arren, gai garaikideei —turismoa, etxebizitza, migrazioa— heltzeko duen joera. Hirugarren poz bat ere badut: Hibai Arbide gertuagotik ezagutzeko parada eskaini dit saioak, eta bera entzunda argiagoa da askorentzat lasaigarria den baieztapena: inoiz ez da beranduegi —berak egin duen bezala— bizitzari norabide berri bat emateko.

Baina bakarra dut —purrustada, nahiago bada—; saioari bainoago, EITBk hartzen dituen erabakiei dagokiena. Gustura ikusiko nuke lantalde hori bera, baliabide horiek, Artefaktua saioaren gisako bat ekoizten. Edo euskal kulturaren bueltako edukiak jorratzen. Saio ederra egin dute, eta saiatu dira berritasunez janzten—ikuspegian zein forman— aurrez nahikoa ustiatua dagoen «Euskaldunak munduan» formatua. Aurkezletik hasi eta azken teknikariraino, talentua eta usaimena duen lantalde bat dago hemen, eta hori ospatzekoa da. Baina gaitasun eta mimo hori merezi duten mundu eta plaza asko daude hemen, urrutira joan beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.