Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Unibertsitatearen boterea

2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Azken urteetan handitu egin da emakumeen presentzia unibertsitatean. Presentzia hori ikasle gazteetan nabaritzen da; baina unibertsitatean ikertzen duten profesionalen azterketa egingo bagenu, emakume gutxiago aurkituko genituzke, eta are gutxiago katedra duten pertsonen artean. Egoera hori azaldu nahi izan du The Chair telesailak (Netflix). Bertan Sandra Oh dugu protagonista, Ingeles Hizkuntzako Departamentuko burua. Lehen aldiz emakume batek lortu du postu hori, eta telesailak unibertsitate baten berdintasunik eza erakutsi digu.

AEBetako campus klasiko batean sartuko gara, baina telesaila ez da ikasleen arteko harremanetan sartuko. Horren ordez, irakasleen botere gatazkak ikusiko dira. Ji-Yoon Kimek (Sandra Oh) bere boterepean gauza berriak ekarri nahi ditu unibertsitatera, baina katedratiko zaharrak eta campuseko dekanoak oztopo izango dira berarentzat. Katedratiko zaharrek beren klase magistralekin jarraitzen dute eta ikasleek interesik ez duten idazleen inguruan hitz egiten dute bertan.

Ji-Yoon Kimek irakasle gazte bati aukera bat eman nahi dio, baina oztopo asko izango ditu bere helburua lortzeko. Yasmin McKay da irakaslea, emakumea, gaztea eta beltza. Hiru oztopo izango dira bientzat. Bi emakumeek arrazismoa eta matxismoa gainditu behar dituzte eta, hori gutxi balitz bezala, gazteak direnez, haien iritziak gutxiago hartuko dira kontuan. Ikasleen artean dibertsitate handiagoa ikusten da, emakume gehiago daude eta arrazakeriaren aurka daudela argi adierazten dute haien klaseetan. Horrek beste irakasle baten aurkako protesta bat ekarriko du eta unibertsitatearen prestigioa kolokan jarriko du.

Arraza eta genero desberdintasunak unibertsitatean ikusteko telesail interesgarria dugu. Umore puntu oso berezi bat ere badu, askotan eskertzen dena. Unibertsitatearen botere gatazkak eta burokrazia salatzen ditu telesailak. Sei kapitulu laburretan gai horiek guztiak jorratzea ez da batere erraza, baina laburpen aparta egin dute Amanda Peet eta Annie Wyman gidoilariek. Telesailak dolua, bakardadea eta kontziliazioa ere jorratzen ditu. Gai potoloak dira, baina oso ondo lotzen dira gai nagusiekin. Oso gustura ikusten den telesaila da, baina niri laburregia egin zait, pertsonaia horien bizitzen inguruan gehiago jakin nahiko nukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.