EKOGRAFIAK
Litvinenko
Espioitzaren inguruko istorioak asko gustatu izan zaizkit beti. Sobietar Batasunaren inguruan zeuden espioien bizipenak interesa piztu didate, baina aspaldi ez dut film edo telesail interesgarririk ikusi horren inguruan. Kazetaritza ikasi nahi nuela erabakitzen ari nintzela, Moskun Anna Politkovskaia kazetaria hil zutela jakin nuen. Garai hartan Bigarren Mundu Gerrarekin obsesionatua nengoen, eta Errusian gertatzen zena ulertzen saiatzen nintzen. Anbizio handia nuen garai hartan, baina argi dago oso zaila dela herrialde hartako buruzagien estrategiak ulertzea.
Gaur egun, Errusia munduaren etsaia dela dirudi. Baina Ukrainako gerra hasi baino lehenago, Errusiako Gobernuko buruak krimen asko egin zituen. Vladimir Putin 2000. urtetik da Errusiako Gobernuko buru. Bere boterearen indarra nolakoa den XXI. mendean adierazi du. Bere politikarekin kritiko direnen aurka errepresioa handia ezarri du: batzuk preso daude, eta beste batzuk hilda.
Anna Politkovskaia kazetaria 2006. urtean hil zuten. Aste batzuk geroago, Alexander Litvinenko pozoitu zuten, eta, horren ondorioz, hil egin zen. Litvinenko telesailak (Movistar Plus) 2006. urtean Londresen gertatutakoa azaltzen digu. Alexander Litvinenko espioia Putinen aurkakoa zen, eta Politkovskaiari gertatutakoa ikertzen ari zen. Horrek heriotza ekarri zion. Litvinenkok argi zuen Putin bere heriotzaren atzean zegoela. Hil baino lehenago poliziarekin hitz egiteko aukera izan zuen. Elkarrizketa horri esker, poliziak Litvinenko nola pozoitu zuten argitzeko testigantza garrantzitsua lortu zuen.
Telesaila egiteko, Poliziaren ikerketa eta ondoren egindako elkarrizketak ezinbestekoak izan dira. Fikzioa izanik ere, aktoreen lanari esker, errealitatea ikusten ari garela ematen du une askotan. David Tennant aktore britaniarra aritu da Litvinenkoren rolean. Heriotza horren ikerketa oso arriskutsua izan zen eta burokrazia handiarekin topo egin behar izan zuten, batez ere Errusiako burokraziarekin.
Litvinenkoren emaztearen borroka agertzen da telesail berean. Haren senarraren heriotzaren errudunak nor izan ziren argi baldin bazuen ere, oso zaila izan du justiziaren bitartez Putin errudun izendatzea. Edonola ere, telesaila egia erakusteko beste bide bat da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.