Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

2deoren bidea

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hamabi mila gidoilari greban daude Ameriketako Estatu Batuetan. Zientoka telesail eta saio etengo dituela dirudi. Baina fikziozko lanen gidoilari izateko desira duten edo izan duten guztiak irtengo balira kalera, Central Park beteko lukete. Gogor saiatuta ere, zaila baita, oso zaila, telesail bat idatzi eta telebistarainoko bidea egin dezan lortzea. Zer esanik ez Euskal Herrian. ETBk edo plataforma handiek erostea da bide bakarra. Eta horretarako, hiru gauzaren jabe izatea komeni da: aurrez landutako izen bat —dela gidoilari gisa, dela aktore moduan, dela sorkuntza alorren batean nabarmenduta—; garaiko joerekin bat egiten duen proiektu deigarria; eta ideia ondo saltzeko gaitasuna. Litekeena da hirutik bi ezaugarri betetzen dituenak aukeraren bat izatea. Bakarra betez gero, jai duzu.

Horregatik da estimagarria laguntza oro. Donostiako Tabakaleran dagoen 2deo laborategian hirugarrenez egin dute 2deo serieak izeneko deialdia. Aurten, beste behin, hiru telesail proiektu lagunduko dituzte: atzean Arriguriko jendea duen Egia; Ainhoa Artetxe aktorearen Eutsi goiari!; eta Monica Lilacen eta Sergio Stendhalen Lonely People, Neon Cities. Ez da dirua —5.000 euro— jasoko duten ekarpenik baliotsuena; ezpada seriegintzan arituak direnen aholkularitza eta jarraipena. Anna R. Costak (Arde Madrid), Koldo Almandozek (Hondar ahoak) eta Laura Sarmientok (Intimidad) proiektu bana zaindu eta lagunduko dute. Azken biek Txintxua Films ekoiztetxeak egin dituen bi telesail txalogarri gidatu dituzte duela ez asko. Horrez gain, ikus-entzunezko ekoizleei, banatzaileei eta plataformei euren ideia aurkezteko bide zuzenagoa izango dute deialdian gailendu direnek.

Hiru proiektutik bi dira euskarazkoak aurten. Ez du zentzurik Donostian errotutako laborategi batek gaztelaniazko telesailak edo ingelesezkoak bultzatzeak. Baina bakarra izan zen iaz, eta aurten, aldiz, hirutik bi dira euskaraz. Bada zerbait. Besterik da ea bidelaguntza horrek ideiak pantailaraino eramango dituen. Aurrekariak ez dira onegiak: euskarazkoen artean, 2deotik pasatutako bat bera ere ez da telebistetara heldu. Beste behin telesail lehortean den ETBk ondo egingo luke 2deoko bi proiektuok adi jarraitzen. Ahal dela, gidoilari frustratuak Gladys Enea parkea betetzeko adina izan aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.