@CY-zintiloa-borobilaezker:d@CA-azpizintiloa-ezker:EuskaraEuskaltegietako matrikulazio kanpaina

Aulki hutsik ez dute nahi euskaltegiek

Abian da euskaltegietako matrikulazio aroa; ikasleak urritu egin dira urteotan, eta laburtu ikasketa aldiak.Prest du HABEk curriculum berria: oinarrizko bi ziurtagiri ezartzea da asmoa, A1 eta A2

Ikasle talde bat euskaltegian izena emateko inprimakiak betetzen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
«Lehen hamar ordu pasatzen zituen ikasleak zortzi pasatzen ditu orain; zortzi egiten zituenak, sei; barnetegira etortzen zenak, bere herriko euskaltegian egiten du bost orduko modulu bat». Jon Urdangarin (1965, Lazkao, Gipuzkoa) gaztetan hasi zen euskara irakasle. «1984-1985 inguruan, garai hartan beste asko bezala». Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegiko zuzendaria da egun; euskara irakasteko zentroen artean ezagunenetariko bat da, eta lantokia talaia aparta du, beraz, sektorearen berri emateko. Izan ere, egunotan erne daude alorreko eragile gehienak, matrikulazio kanpainak zer emango. Ikasleen urritzea agerikoa izan da iragan urteetan —2010. urtetik nabarmena Hegoaldean—, ikastaldien iraupena ere bai, eta«ezinegona» agerian utzi izan dute hainbatetan sektoreko eragileek.«Gero eta gehiago kostatzen zaigu euskaltegioi taldeak sortzeko ratioetara iristea; askotan gabiltza ozta-ozta, eta gerta daiteke egunen batean, ikasle galera oso handia ez bada ere, talde asko abian jartzeko modurik ez izatea», ohartarazi du Urdangarinek.

Mertxe Mugikak ere (1963, Elorrio, Bizkaia) «bizitza profesional osoa» darama helduen euskalduntze eta alfabetatzeari lotuta, eta AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko koordinatzaile nagusia da egun. Bat dator Urdangarinekin. «Joera gero eta ikastaro laburragoak eskatzea da, eta ahal den neurrian erantzuten saiatzen gara», esplikatu du. «Normala ere izan daiteke; mundu guztiak ez du nahi, agian, laugarren mailaraino heltzea; lehenengo mailan edo bigarren mailan geratzen dira... Euskaraz bizitzen saiatzeko aukerak asko dira era batera edo bestera». Izango duten ikasle kopuruaren harira, erne daude AEKn: zer gertatuko. Ez dira ezkorrak. «Uda, gurean, ondo joan da, eta hori adierazle ona izatea espero dugu. Aurrematrikulazio kanpaina moduko bat ere egiten dugu ekain aldera, eta gure datuak onak dira, aurreko ikasturtekoak baino hobeak. Euskaltegietan, gainera, jendeak dio mugimendua badagoela» .

Mari Paz Martin (1957, Irun, Gipuzkoa) Beasaingo Udal Euskaltegiko zuzendaria da, Gipuzkoan. Hiru hamarkada pasatxo daramatza alorrean, eta udal euskaltegien ordezkari dihardu egun. Ondo daki garaiotan euskaltegietan zenbateko ezinegona izaten den. Baina ez daude geldirik. «Jende asko ari zaigu hurbiltzen. Iaz baino gutxiago ez, behintzat». Ikasleen soslai berrietara egokitzeko «etengabe moldatzen» ari direla dio. Igarri diete, beraiek ere, gero eta ikasketa aldi motzagoak nahi dituztenei. «Jendeak gauza asko ditu egiteko; ezin dituzte ordu asko egin euskaltegian». Baita bestelakoei ere: «Bada jendea langabezian geratu eta euskaltegira datorrena».

HABEren proposamena

Oro har, hala ere, ikasleen urritzeak eragin du, azkenaldian, kezka. Aurreko ikasturtearen hasieran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak berak aitortu zuen «argi gorriak» piztuta zeudela: «Esaten zen baino kezka handiagoa zen». Atzo, euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldian —Miramar jauregian izan zen, Donostian— ikasturte honetan aurrekoan baino ikasle gehiago izatea zinez garrantzitsua dela ohartarazi zuen. Izan ere, iazko matrikulazio datuei so esan zen «beherakada moteltzea» lortu zela, eta hori berretsi nahi dute. Bide horretan, HABEren curriculum berria lagungarria izango dela ohartarazi zuen Baztarrikak; prest dago, eta «progresiboki» ezarriko dute euskaltegiek.

Bidean, helburuetako bat da, Europako Hizkuntz Esparruak agindutakoaren arabera, A1 eta A2 mailei dagozkien ziurtagiriak eskaintzea ikasleei. Mugikak onartu du bide interesgarria izan daitekeela hainbatentzat. «Askorentzat lagungarria izan daiteke oinarrizko titulu bat eskuratzea, gutxienez elebakar hutsak ez izateko; gaur bertan, esaterako, Miramar jauregira etorri, eta ateko zaindaria ez da gai izan bi azalpen euskaraz emateko. Horrelako kasuetarako egokia izan daiteke». Bat dator Martin ere: «Tituluei dagokienez, A1 eta A2 mailetan falta dira agiriak, eta jartzea jende askorentzat motibagarria izan daiteke». Euskaltegiek eta HABEk elkarlanean jardun dute curriculuma atontzen, eta, oro har, begi onez ikusten dute denek. Jaurlaritzak atzo aitortu zuen, hala ere, oraindik «lanketa bat» falta dela ezartzeko; ez zuen datetan zehaztapenik egin.

HABEren abaroan ari diren euskaltegiez aparte, egoerak, herrialdez herrialde, baditu ñabardurak Euskal Herrian. Ikuspegi orokorra emateko egokiena AEK da, Euskal Herri osoko sarea baita. Mugikak oroitarazi du Gipuzkoan, iaz, aurreko urteetako beherakadari «galga jartzeaz» gain, igoeratxo bat izan zutela. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere hazi egin zen ikasle kopurua. IKA Ikas eta Ari euskaltegi sareak Araba eta Nafarroan ditu zentroak. Bertako iturrien arabera, erreparatu diete beraiek ere ikasleen soslai berriei. Ikastaro «trinkoak» asko urritu dira: «Gero eta laburragoak dira». Kanpaina betean ari diraIKAko kideak ere. Eta badute segida.«Mugimendua badabil».

Nahi baino urriago

Finantzaketari dagokionez, maiz azaldu dute egonezina alorreko eragileek. Mugika da, berriz ere, AEKren izenean, Euskal Herri osoko erretratu orokorra egiteko solaskide egokia. Mingots mintzo da Nafarroaz: «Bi ikasturte daramatzagu instituzioen laguntzarik gabe. Badaukagu jendearen onarpena, eta eskerrak. Baina instituzioentzat, gu eta IKA hutsaren hurrengoak gara». Baikorrago Ipar Euskal Herriaz: «EEP Euskararen Erakunde Publikoak 30.000 euro gehiago emango dizkigu aurten. Helduen euskalduntze eta alfabetatzea aintzat hartzen hasi dira». Epel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoeraz: «Mantendu egin dira laguntzak; orain dela sei urte bezala gaude. Espero dugu horri bueltatxo bat ematea». Esan du, hala ere, ikasleentzako laguntzetan igoera bat eman duela Jaurlaritzak: «Orain dute epea, maila gainditu dutenek, laguntza eskatzeko. Horrek arindu du egoera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.