Bide berriak argitzeko premian

Kaleko erabileraren datuek kezka sortu dute erakundeen eta eragileen artean, baina ez harridura, zantzuak baitzeuden. Neurri berrien premiaz mintzatu dira

Garikoitz Goikoetxea.
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kezka bai, jaitsiera baieztatu duelako, baina harridurarik ez, bazituztelako zantzuak. Kaleko erabileraren neurketak agerian jarri du gutxiago erabiltzen dela euskara. 1989an egin zuten lehen neurketa, eta ordutik 2006ra arte areagotu egin zen erabilera, nahiz eta 2000 inguruan hasi zen mantsotze zantzu bat. 2006tik honako bi ikerketetan, berriz, jaitsi egin da erabilera. Aldaketa hotsak maiz aipatzen dituzte euskararen arloan azken boladan. BERRIAk iritzia eskatu dien erakunde eta eragile gehienen esanetan, kaleko neurketak agerian jarri du aldaketaren premia. Uste dute sintoma bat dela kaleko erabilera, adierazle bat, eta arrazoi bat baino gehiago dituela oinarrian. Aztertu beharreko arrazoiak, joera iraultzekotan.

Soziolinguistika Klusterrak herenegun aurkeztu zuen Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa. Bost urtean behin egiten dute, behaketaz: kalean ibiltzen dira behatzaileak, eta erreparatzen dute jendea zein hizkuntzatan ari den. Kalean hizketan entzun dituztenetatik %12,6 ari ziren euskaraz, Euskal Herria hartuta. 2006koa baino puntu bat apalagoa da portzentaje hori. Datu horrek baditu ñabardura batzuk. Bat: adin talde guztietan gutxitu da erabilera, eta alde handiak daude talde batetik bestera —zenbat eta gazteago, erabilera handiagoa—. Bi: geografikoki, atzeraka jarraitzen dute Ipar Euskal Herriak eta Bizkaiak, eta lehen aldiz jaitsi da erabilera Gipuzkoan; igoerak daude Araban eta Nafarroan. Hiru: gune soziolinguistikoetan, leku euskaldunenetan ari da erabilera apaltzen.

MIREN DOBARAN

Eusko Jaurlaritza

«Euskara irakastealortu da. Euskaraz egiten irakastea lortu behar da»

Datuak tentuz aztertu behar direla ohartarazi du Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: kaleko erabilera neurtzen dutela, ez beste arloak, eta ez duela esan nahi beste arlo batzuetan ere egoera hori denik. «Prisma itxiz gero, ez digu uzten errealitatea irekitasunez begiratzen. Zuhurtziaz jokatu beharra daukagu». Jaitsiera agertu da emaitzan, baina, Dobaranen iritziz, portzentaje txikien gorabehera denez, joera zein den ikusi behar da gehiago. «Edozein modutan, ez gara ibili behar denbora galtzen». Uste du inguru sozialaren eragina nabarmena dela. «Gazte asko eta asko hiztun berriak dira, eskolak euskaldundu ditu, ez dute aukera handirik euskaraz hitz egiteko, herri eta hiri handietan bizi dira...». Beste arlo bat ere bai: «kontzientzia soziolinguistikoa» txertatzeko premia.

Urteotan ezagutzan jarri da indar handia, eta euskaraz badakitenak nabarmen gehiago dira. Bigarren urratsa dator orain. «Ezagutzarena errazagoa izan da: hezkuntza sistemaren bidez lortu dugu umeei euskara irakastea. Orain lortu behar duguna da euskaraz egiten irakastea. Haur horiek eta helduak jarri behar ditugu euskaraz egiten; askoz zailagoa da hori. Jarreretan eta ohituretan eragitea ez da kontu erraza».

Lankidetza ezinbesteko jo du. «Kapaz izan behar dugu euskalgintzarekin eta sektore diferenteekin batera erabileran eragiteko». Ezkortasunetik aldentzeko deia egin du, beraz. «Mezu katastrofistak ez dira batere onak, jendearengan badaukatelako eragina».

MIKEL ARREGI

Nafarroako Gobernua

«Bere neurrian pozgarria da emaitza, hogei urteko beheranzkoa eten baita»

Erabileraren jaitsiera orokortuaren aurrean, Araba eta Nafarroa dira salbuespena, erabilera handitu egin baita bi herrialdeetan, batez ere Nafarroan. «Bere neurrian pozgarria da emaitza, hogei urteko beheranzkoa eten baita», adierazi du Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendariak. Ñabardura bat egin du: «bere neurrian» dela positiboa emaitza. «Datuak ez baitira nahiko genituzkeenak».Hiriburuan, Iruñean, ez da nabari igoerarik: erabilera geldituta dago 1997tik. Gainerako hiriburu gehienetan, Gasteizen ez beste guztietan, jaitsi egin da erabilera. «Joera hori ikusita, Iruñeko egonkortasuna ez da txarrena une honetan».

Aurrera egiteko, ezagutza handitu behar da, Arregiren arabera. Lau nafarretik hiru erdal elebakarrak dira. «Erabileran eragiteko, hor eragin behar da». Gazteetan badago aurrerabidea, eta erabilera ere handitzen ari da. «Erabilera aukerak zabaldu behar ditugu; bestela zaila da euskaraz aritzea».

ANA DE CASTRO

Bizkaiko Foru Aldundia

«Esan daiteke ezagutza bermatu dela; erabilera bultzatzen segi behar da»

Bizkaian jaitsi egin da erabilera berriro: 2001ean jo zuen gailurra, eta jaisten ari da ordutik. Ana de Castrok, Bizkaiko Diputazioko Euskara zuzendariak, adierazi du datuak «bultzagarri» direla lanean jarraitzeko. «Euskararen erabilerak jarraituko du denon laguntzaren eta ahaleginaren premia izaten, denon esku baitago erabilera erraztea eta euskarari bide ematea». Giltzarritzat jo du administrazioaren eta eragileen arteko elkarlana, eta adierazi du «aspaldi» hasiak direla horretan.

De Castroren esanetan, «erabileraren zerbitzura» jarri behar da «sistema guztia»; batez ere eremu ez-formaleko erabilera bultzatzeari buruz aritu da. Horretarako pauso gisa, txantxangorriaren kanpaina hartu du ahotan. «Hori da helburua: erabilera indartzeko gonbidapena izan zen. Ohiturak aldatzeko, beldurra kentzeko. Esan daiteke ezagutza bermatua dagoela, baina erabilera bultzatzen segitu behar dugu».

MIKEL IRIZAR

Gipuzkoako Foru Aldundia

«Kezkagarria izan liteke, baina ez harrigarria, zantzu asko daude eta»

Lehen aldiz, kaleko erabilera jaitsi egin da Gipuzkoan, azken neurketaren arabera. Ez du ezustean harrapatu diputazioa. «Kezkagarriak izan litezke datuak, baina ez harrigarriak, azken urteetan zantzu asko daude eta. Bidegurutzea aipatu izan dugunean hori zen: indarberritu eta aurreratu, edo ofizialtasunaren esparruan gelditu». Mikel Irizar mintzo da, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. Nabarmendu du geldialdiari buruzko kezka hori «barreiatua» dagoela euskalgintzan, eta ari direla «dinamika» batzuk sortzen.

Kaleko erabileraren neurketa beste ikerketa batzuekin uztartu behar da, Irizarren ustez, joerak zein diren alderatzeko. Horrelako tresnak garatzea ere ezinbesteko jo du. «Erabilera izango denez jomuga, behar dugu tresneria osatzea, ebaluazioak egiteko eta neurrien arrakasta neurtzeko». Datuetan joera positibo batzuk ere badirela defenditu du Gipuzkoako zuzendariak; adibidez, gazteen erabilera datua. Joera orokorra beheranzkoa da, nolanahi ere. Baliatu egin behar da hori, indar egiteko, haren iritzian: «Eragile sozial eta politikoei dei egin behar zaie: elkarrekin heldu behar diogu gaiari, sozialki eta politikoki. Denok daukagu erantzukizuna».

MIREN SEGUROLA

Uema

«Orain arteko hizkuntza politikak ez ditu aintzat hartu arnasguneak»

Neurketaren emaitzak gune soziolinguistikoaren arabera begiratzen badira, bi joera nabari dira azken urteetan: eremu erdaldunagoetan, egonkor dago erabilera, oso maila baxuetan; leku euskaldunagoetan askoz handiagoa da erabilera, noski, baina jaitsiera nabari da. Tartean daude Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herriak. «Aurreikusten genituen emaitzak», adierazi du Miren Segurola koordinatzaileak. «Aspalditik geneukan sentsazioa. Duela hiru urte udalerri euskaldunetako azterketa soziolinguistikoan baieztatu genuen».

Segurolak nabarmendu du faktore bat baino gehiago daudela oinarrian. «Argi dago udalerri euskaldunetan hizkuntza politika ez dela euskara zerbitzuetatik egin den hori bakarrik izan». Horregatik, ezinbesteko jo du euskara zeharkako gisa jorratzea: «Hizkuntza politika euskara zerbitzuetatik atera, eta modu integralean lantzea». Faktoreen azterketa egin beharraz ere mintzo da.

Jaitsiera baieztatuta, Segurolak berretsi du arnasguneek hizkuntza politika berezituak behar dituztela: «Orain arteko hizkuntza politikak ez ditu aintzat hartu arnasguneak. Gune erdaldunetara bakarrik begira egin da hizkuntza politika orokorra, eta horrek ondorioak izan ditu. Udalerri euskaldunek zaintza berezia eta politika berezituak behar dituzte».

PAUL BILBAO

Kontseilua

«Erantzukizuna behar da, konplizitatea instituzioek eta euskalgintzak»

Kontseiluaren ustez, gogoeta egiteko gaiak daude mahai gainean. «Ez dira datu onak. Ez zaigu argazkia gustatu. Gogoeta sakona eta serioa eskatzen dute». Paul Bilbao idazkari nagusiak gogorarazi du kaleko erabileraren neurketan jaitsiera azaldu zela orain bost urte ere. «Orduan aipatu genuen kristalezko sabaia dagoela, eta orain baieztatu da». Erabilera «kate luze baten azken katebegia» dela eta, faktore asko aztertu behar dira, haren arabera. «Tentazioa egon liteke erabileraren gaia euskaldunen bizkar jartzeko, esanez ez dutela euskaraz egin nahi. Ezin gara sinplismoan jausi».

Etsipenean ez erortzeko eskatu du Bilbaok. «Kontua ez da orain dramatismoa zabaltzea, baizik eta ikustea zer gertatzen ari den». Ardurak hartzeko garaia dela nabarmendu du. «Denok erantzukizunez jokatu behar dugu, eta konplizitatea behar da euskalgintzaren eta instituzioen artean». Lanerako eremu asko ikusten du: «Motibazioan eragin behar da, baina hori ez da kanpaina batzuekin konpontzen. Eragin behar da dentsitatean, prestigioan eta beharrezkotasunean». Funtsezko beste arlo bat ere aipatu du Bilbaok: «Oso agerian geratu da helduen euskalduntzearen beharra».

JASONE MENDIZABAL

Topagunea

«Maiz, helduak ahazten zaizkigu: koska bat dugu, helduak eredu baitira»

Topaguneak ere ez ditu harriduraz hartu kaleko neurketaren datuak. «Ez dira nahi ditugun datuak, baina ez da sorpresa handia izan. Orain bost urte esan zen sabaia jo genuela. Aldatu guran gabiltza, baina hau da egoera». Jasone Mendizabal zuzendariaren esanetan, kaleko neurketarena «sintoma bat» da. Euskaldunen inguru soziala zein den aipatu du: haur eta gazteak euskalduntzen direla, baina «ekosistema» erdalduna dutela. «Helduak ahazten zaizkigu askotan: hor koska bat dugu, helduak eredu baitira».

Hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamen bat egin du Topaguneak Eusko Jaurlaritzarekin batera. Mendizabalek dio «legitimatu» egin behar dela euskara erabiltzea, «erabileraren aldeko herri giro berri bat» behar dela. Hizkuntza jokabideak «kolektiboki» aldatu nahi dituzte, banakoak eta taldeak batuz. «Erakunde anitzek ere ardura dute neurri politiko eta sozialak hartzeko». Mendizabalek ezinbesteko jo du euskara erabiltzeko «testuingurua» sortzea.

URKO AIERBE

EHE

«Erakusten du hizkuntza politikak goia jo duela eta jauzia behar dugula»

Kaleko erabilera faktore askoren araberakoa dela, erabilera fenomeno konplexua dela, eta gogoetak egitean hori kontuan izan behar dela. Ohar hori egin du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide Urko Aierbek. «Emaitzetatik harago, diskurtso sinplistak okerrak dira: 'ezagutza igo eta erabilera jaitsi' eta horrelakoak. Sinplekeria hutsa dira, eta euskaldunon gain uzten dute erantzukizuna». Nabarmendu du gutxiengoa direla euskaldunak Euskal Herrian —%28, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera—. «Erabilera ez da txikia, beraz. Euskarari eusten diogu euskaldunok».

Neurketa adierazle bat da, Aierberen ustez. «Erakusten du hizkuntza politikak goia jo duela eta jauzia behar dugula: jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa». Eragiteko eremu bat baino gehiago aipatu ditu: hiztun dentsitatea, hedabideak, euskararen lehentasuna... «Erabiltzeko aukerak sortu behar dira. Ezagutza ezinbestekoa da horretarako. Baina ez da aski».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.