PP-EAJ akordioa. Espainiako aurrekontuak

«Politika egin dugu»

Osoko zuzenketen kontra bozkatuko du gaur EAJk. Estebanek ontzat jo ditu PPren esanak

gotzon hermosilla
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Inor gutxik jartzen du zalantzan azkenean EAJ eta PP ados jarriko direla Espainiako aurrekontuak onartzeko, eta badirudi egiten duten urrats bakoitza horretara bideratuta dagoela. Orain, pauso handia eman dute norabide horretan, pentsioak igotzea hitzartu baitute bi alderdiek, eta, horren ondorioz, EAJk laguntza emango dio PPri gaurko bilkuran aurrekontuen egitasmoari aurkezturiko osoko zuzenketak atzera botatzeko. «Politika» egin dute, Aitor Esteban parlamentari jeltzaleak azaldu duen moduan.

«Pentsiodunen eskaerak bidezkoak ziren, eta horren aurrean erreakzionatu beharra zegoen», esan du Estebanek, akordioaren berri emateko egindako agerraldian. «Guk politika egin dugu, politika letra larriz, eta Kataluniarentzat denbora politikoa irabazi dugu», azaldu du.

Lortutako akordioaren ondorioz, EAJk bat egingo du aurrekontuak babesten dituzten gainerako taldeekin —PP, Ciudadanos, Coalicion Canaria, Foro Asturias eta UPN— eta gainerako alderdiek aurkezturiko osoko zuzenketen kontrako botoa emango dute.

Orotara, osoko sei zuzenketa aurkeztuko dituzte oposizioko taldeek: PSOEk, Unidos Podemosek, ERCk, PDeCatek eta EH Bilduk, hain zuzen. Diputatu jeltzaleen botoak oso garrantzitsuak dira: orain, horiei esker, PPk ziurtatua du, kasurik txarrenean eta aurrekontuen kontra dauden indar guztiek zuzenketa baten alde batera bozkatuko balute ere, zuzenketa horrek aldeko 176 boto jasoko lituzkeela, eta kontrako beste horrenbeste; berdinketa. beraz. Hortaz, osoko zuzenketak ez luke aurrera egingo, eta Espainiako Gobernuak oztopo bat gutxiago izango luke aurrekontuak onartzeko bidean.

EAJrentzat, jokaldia biribila da. Alde batetik, pentsioen igoera jeltzaleen lorpena balitz bezala aurkezteko aukera eman die Alderdi Popularrak, eta horrek lagunduko die presioa gainetik kentzen. Publikoki EAJ bat etorri da pentsiodunen eskaerekin, eta parte hartu zuen martxoaren 17an antolatutako manifestazio handietan, baina oposizioak pentsio apalenak osatzeko proposamena Eusko Legebiltzarrera eraman zuenean, neurri horren kontra agertu zen EAJ, eta horrek pentsiodunen elkarteen kritikak ekarri zizkion. Orain, berriz, badu zer eskaini kritiko agertu ziren haiei.

Beste aldetik, apurka-apurka ari da bidea prestatzen aurrekontuei babesa emateko. Ez da inongo sekretua EAJk begi onez ikusten dituela PPk aurkezturiko aurrekontuak eta horien inguruan akordioa lortu nahiko lukeela, horixe esan baitute behin baino gehiagotan buruzagi jelkideek eta Eusko Jaurlaritzako iturriek -Iñigo Urkullu lehendakariak eta Josu Erkoreka eledunak adibidez-. Oraingoaren moduko urratsekin apurka-apurka ari dira helburu horretara hurreratzen.

Katalunia da oztopoa

Baina akordioa erdiesteko bide horretan oraindik badago oztopo nagusia, eta alde biak hasi dira mugimenduak egiten oztopo hori gainditzeko: Kataluniako egoerak gaur-gaurkoz zaildu egiten du EAJk aurrekontuei baiezkoa ematea. EAJk askotan esan du Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa indargabetzea ezinbesteko baldintza dela EAJk aurrekontuak babestuko baditu. «155.arekin ez dugu jokatzen», argi eta ozen esan zuen Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak Aberri Egunaren ospakizun ekitaldietan. Orain hitza jateak kosturen bat ekarri ahal die jeltzaleei, batez ere kontrakoa hain modu agerikoan defendatu ostean.

PPrentzat eta EAJrentzat aukerarik onena litzateke Katalunian gobernu berria eratzea eta, hortaz, automatikoki 155.a indarrik gabe gelditzea. Baina hori ez dago bi eragile horien esku, eta, hortaz, hasi dira bestelako irtenbideetarako giroa prestatzen. Ortuzarrek azken asteetan emandako elkarrizketetan 155.a indargabetzeko eskaerari eutsi dio, baina gero eta gehiago «horretarako borondatea», «keinuak» eta horrelakoak aipatu ditu, iradokiz beharbada 155.a indargabetzea ez, baizik eta «indargabetzeko borondatea» erakustea nahikoa izan litekeela EAJk jarrera aldatzeko.

Orain, Espainiako gobernuburu Mariano Rajoyk esan du «prest» dagoela 155.a indargabetzeko Katalunian gobernua eratu bezain pronto. Ez da adierazpen berria: hauteskundeetara deitu zuenetik horretarako borondatea azaldu du Rajoyk behin eta berriro. Baina hori izan daiteke EAJ eskatzen ari den «keinu» horietako bat, eta horrelakotzat jo du Estebanek bere agerraldian.

Gehiago ere esan du Rajoyk, eta Kataluniako egoerari irtenbidea topatzeko «elkarrizketa politikoaren beharra»nabarmendu du. Lehenagotik ere egin ditu Rajoyk elkarrizketarako deialdiak, nahiz eta gero zehaztu edozein elkarrizketa «legearen esparruaren barruan» egin behar dela. Baina hori ere oso ondo hartu du EAJk, eta «elkarrizketa aldi berria irekitzeko» aukera ikusi du berba horien atzean; jeltzaleak eskatzen ari ziren beste «keinu» horietako bat, alegia.

Hala ere, oraindik ez dago dena erabakita, edo hori ikusarazi nahi izan dute jeltzaleek. Agerraldian, Estebanek nabarmendu du orain artekoak ez duela esan nahi aurrekontuak «beste barik» onartuko direla. EAJk zuzenketak aurkeztuko dizkio aurrekontu proiektuari, pentsioen arloan PPrekin adosturikoak zein beste batzuk, eta Kataluniako egoerari «adi» egongo zaio. Eta gero, unean uneko egoera politikoaren arabera, erabaki bat hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.