Koronabirusa

Eguneko positiboek 3.000 kasuren langa gainditu dute Nafarroan

Osasunbideak asteartean eginiko testen %36k eman dute positibo herrialdean: 3.378k

Erizain bat, PCR proba bat egiten, joan den uztailean, Lesakan (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurbaren goranzko malda nekez izan liteke malkartsuagoa Nafarroan. Birusaren oldarraldia nabarmen gaiztotua da herrialdean, eta Osasunbidea gero eta positibo gehiago atzematen ari da, egunetik egunera. Beste marka bat hautsi zen atzo: egun bakarrean zenbatutako kutsatuak 3.000 baino gehiago izan ziren, pandemian lehen aldiz. Zehazki, Osasunbideak 9.308 diagnostiko proba egin zituen herenegun birusa atzemateko, eta 3.278 positibo atzeman ziren. Hala, %36,3 izan zen positiboen ehunekoa.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten atzo izurritearen bilakaerari buruzko azken datuak plazaratzeko. Osasun kontseilari Santos Indurainek argitu nahi izan zuen ezin direla datuok beste olatuetan erregistratutakoekin zuzenean konparatu, egoera «aski desberdina» baita. Alde hori ospitaleen okupazioan da nabarmenena. Izan ere, azaldu zuenez, erietxeratuta daudenen kopurua ez da halako abiadan handitzen ari herrialdean. Eman zuen horren gaineko informazioa ere: egun, birusak jotako 142 lagun daude Osasunbidearen ardurapeko zentroetan ospitaleratuta. Horietako 26 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira.

Indurain pozik azaldu da COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainak Nafarroan hartua duen erritmoa ikusirik, eta zehaztu du hori dela segitu beharreko bidea. Osasun Publikoko Institutuak argitaratutako datuak baliatuta, kontseilariak jakinarazi du txertoak oso modu agerikoan lagundu duela ospitaleetako okupazioa arintzen, bai eta heriotzak saihesten ere. «Txertoari esker, 4.100 ospitaleratze eragotzi dira; 500, ZIUetakoak». Hildakoei dagokienez, esan du txertoak 850 heriotza inguru eragotzi dituela.

Atzo indarrean sartu ziren neurri murriztaile berriei buruz egin zieten galde kazetariek Osasun Departamentuko ordezkariei, besteak beste. Kazetari batzuek harridura azaldu zuten, argudiatuta nekez uler daitekeela neurrien halako gogortzerik gaur egun Nafarroan den txertaketa tasak ikusita. Ordea, Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak zehaztu zuen txertoa ez dela nahikoa; bai, ordea, «izugarri garrantzitsua». Zuzendariak onartu zuen ez zutela esperoseigarren olatu hain «gogorrik»: «Komunitate zientifikoaren zati handi batek ez zuen aurreikusia». Halaber, esan zuen «ezinezkoa» dela sintomak dituzten guztiei probak egitea, eta, beraz, zaurgarrienak «lehenestea» hobetsi zuen. Datozen egunei so, Artundok zuhurtzia eskatu die herritarrei.

Eskola itzuleraz

Positiboen hazkundea aintzat hartuta, asteartean bilera bat egingo du Espainiako Gobernuak, eskoletara itzultzearen inguruan hartu beharreko erabakiak aztertzeko. Moncloan batuko dira Espainiako Osasun, Hezkuntza eta Unibertsitateetako ministroak, erkidegoetako sailburuekin. Gobernuko iturrien arabera, oraingoz ez dute aurreikusten klaserako buelta bertan behera uztea, baina baliteke ikasgeletako neurriak zorroztea. Berez, Espainiako Osasun Ministerioak dauka eskoletan hartu beharreko neurrien gainean erabakitzeko eskumena, baina pandemiaren hasieratik autonomia erkidegoetako Hezkuntza Sail guztiekin batera batzartu dira irtenbide egokiak zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.