Sagarrak umotu egin dira, azkenik

Alfonso Etxegarai deportatu ohia sorterrira bueltatu da, Sao Tomen 33 urte eman ostean. Haren itzuleraz dokumentala ari dira egiten

Etxegarai, prestatzen ari diren dokumentalaren irudi batean. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Duela hamarkada bat plazaratu zen Sagarren denbora film dokumentala (2010), Alfonso Etxegarai eta haren bikotekide Kristian Etxaluzen bizipenak hizpide zituena. Etxegaraik 1978an utzi zuen jaioterria, Plentzia (Bizkaia), Ipar Euskal Herrian babesa bilatzeko; 1985ean Ekuadorrera estraditatu zuten, eta 1986an Ekuadortik Sao Tome eta Principeko Errepublikara bidali zuten. Han egon da geroztik, deportaturik, harik eta Euskal Herrira itzuli den arte.

Joan den igandean plazaratu zen albistea, Sortuk mezua hedatu zuenean sare sozialetan: «Sao Tomen jada ez dago euskal deportatu politikorik. 41 urteren ostean, etxera itzuli da Alfonso Etxegarai erbestetik. Ongi etorri! Bat gutxiago!».

Luzea eta korapilatsua izan da Etxegarairen ibilbidea sorterria utzi zuenetik. Ekuadorren zegoela, Espainiako Poliziak hura eta Anjel Aldana deportatua bahitu eta torturatu zituela salatu zuten —Aldana 2016an hil zen, Venezuelan—. Sao Tome uhartera bidali zutenetik, egoera irregularrean egon da Etxegarai: ez da inoiz epaitua edo zigortua izan, baina, hala ere, sorterritik 7.000 kilometrora bizitzera behartu dute. BERRIAri 2018an ETA desegitearen harira emandako elkarrizketan, Etxegaraik «bahiketa politikotzat» jo zuen bere egoera, eta iragarri zuen etxera itzultzeko izapideak hasiak zituela.

Azken hilabeteetan areagotu egin dira euskal deportatu eta iheslariek etxera itzultzeko egindako mugimenduak. Joan den uztailean, Iñaki Orueta iheslari donostiarra itzuli zen, atzerrian 40 urte eman ondoren. Abuztuan, berriz, berdin egin zuten Koldo Zurimendi eta Jose Arturo Cubillas deportatu ohiek; 35 eta 34 urte eman zituzten atzerrian, hurrenez hurren. Gaur egun, bederatzi euskal herritarrek jarraitzen dute deportaturik: hiru Kuban, bi Venezuelan, eta lau Cabo Verden.

Dokumentala, udaberrian

Alfonso Etxegarairen etxeratzearen albistearekin batera, Adabaki ekoiztetxeak iragarri du film dokumental bat egingo duela horren inguruan. Sagarren denbora dokumentala egin zuten zuzendariak, Josu Martinez eta Txaber Larreategi, hasi dira horretan lanean, eta abendu bitartean arituko dira filmatzen. Postprodukzio eta muntatze lanak egin ostean, espero dute pelikula datorren udaberrian egongo dela ikusgai.

Caminho longe (Bide luzea) izango da filmaren izenburua, eta, Larreategik esan duenez, «itzulera» baino gehiago «abiatze berri baten kronika» izango da: Etxegarai eta haren bikotekide Kristian Etxaluz jorratzen hasi diren bide berriaren kontakizuna. «Duela hamar urte aipatzen genuen sagarren denbora hori iritsi da azkenik», esan du Martinezek, eta nabarmendu du oraingo filma ez dela izango aurrekoaren bigarren partea, «harekin harremana izango badu ere».

Egitasmoa aurrera atera ahal izateko, dirua biltzeko kanpaina jarri dute abian Verkami plataforma digitalean. Kanpaina 40 egunez egongo da indarrean, eta parte hartzen dutenek aukera izango dute, besteak beste, Ruper Ordorikak filmerako grabatu duen abestia deskargatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.