Koronabirusa

Hirugarren dosia hartu ahal izango dute zaurgarriek Iparraldean

Frantziako Osasun Aginte Gorenak gomendatu du 65 urtetik gorakoek eta herritar zaurgarriek hirugarren dosia hartzea. OMEk, berriz, txertatu gutxien dauden herrialdeak lehenesteko eskatu du

Erizain bat bial batetik txertoaren dosi bat hartzen. GORKA RUBIO / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak ireki zuen hirugarren dosia jartzeko kanpainaren atea, eta Frantziako Osasun Aginte Gorenak oniritzia eman du. Irailetik hasita, 80 urtetik gorakoek eta herritar zaurgarriek aukera izango dute COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren ziztada jartzeko; bigarrena hartu eta sei hilabetera egin beharko dute, gutxienez. Frantziako Osasun Aginteak, gainera, aukera hori 65 urtetik gorako herritarrei eta herritar zaurgarriei irekitzea gomendatu du. Dena den, egiturak oniritzia emanik ere, EMA Sendagaien Europako Agentziaren erabakiaren zain egon beharko du Frantziako Gobernuak kanpainari ekin aurretik.

Egiturak argudiatu du delta aldaeraren aitzinean immunitatea sendotzeko balio duela hirugarren dosiak. Janssen dosi bakarreko txertoaren kasuan, bigarren dosia lehena jaso eta lau astera egitea gomendatu dute, RNA mezularitza baliatzen duen txerto batekin: Pfizer edo Moderna txertoekin, alegia. «Antolaketa arrazoi batzuen ondorioz», hirugarren dosia jartzeko kanpaina gripearen kontrako txertaketa kanpainarekin bateratu nahi du Frantziako Osasun Aginte Gorenak; irailetik aitzina irekiko dute hirugarren ziztada hartzeko aukera. Hala, gripearen eta COVID-19aren kontrako txertoak momentu berean jartzen ahalko dituzte 65 urtetik gorakoek eta herritar zaurgarriek. Oraingoz, Frantziako Osasun Aginte Gorenak esan du ez duela beharrezkoa ikusten gainerako herritarrei hirugarren dosia jartzea.

Gainera, Frantziako Osasun Aginte Gorenak dei egin die 80 urtetik gorakoei COVID-19aren kontra txertatzeko. Izan ere, adin tarte horretako herritarren %79,9k hartua dute txertoaren pauta osoa Frantziako Estatuan. Agentziaren arabera, adin tarte horren immunitatea «ahulegia» da.

Edonola ere, ez dago adostasunik COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia emateko premiaren eta egokitasunaren inguruan. Hilaren hasieran, asmo horietan atzera egiteko eskatu zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Haren arabera, hirugarren ziztadarako bidean dauden herrialdeetan jende ugari txertatuta badago ere, txertatutakoen ehunekoa oso apala da beste herrialde batzuetan, eta toki horietako txertaketa planak bultzatu behar dira aurrena.

Hala ere, Europako Batasuneko Osasun eta Segurtasun komisario Stella Kyriakidesek uztailean esan zuen txertoaren hirugarren dosia jartzeko prest egongo litzatekeela EB, behar adina txerto erosteko plana indarrean delako.

Osasun ziurtagiria hedatzen

Bestalde, Ipar Euskal Herrian hainbat leku publikotara sartzeko beharrezkoa da osasun ziurtagiria erakustea: COVID-19aren kutsatze froga bat, proba negatibo bat edo txertoaren pauta osoaren agiria. Oraingoz, bezeroeketa erabiltzaileek erakutsi behar dute. Astelehenetik aitzina, ordea, langileek ere ukan beharko dute ziurtagiria kulturguneetan, kirol geletan eta ostatuetan, besteak beste. Frantziako Gobernuak uste du txertaketa kanpainaren abiadura azkartzeko balioko duela neurriak.

Horrez gain, irailaren 15etik goiti osasun langileek derrigorrez hasia izan beharko dute txertoa jartzeko prozesua. Urriaren 15era arte izango dute pauta osoa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.