D ereduaren aldeko kanpaina bat abiatu du euskalgintzak Nafarroan

Eskoletako aurrematrikulazioaren atarian, haurrak D ereduan matrikulatzea bultzatu nahi dute

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak iragarri berri du martxoaren 6tik 17ra egingo dutela ikastetxeetako aurrematrikulazioa, eta, horren harira, Zerotik aurrera aukeratu Euskara! kanpaina abiatu dute Nafarroako euskalgintzako hainbat eragilek eta mugimenduk. Adierazi dutenez, «familiek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko garaia» da aurrematrikulazio kanpaina, eta, horregatik, haurrak D ereduan matrikulatzea bultzatzeko sortu dute kanpaina.

Datozen bi asteetan egingo dute: sare sozialetan denetariko irudiak igoko dituzte egunero, eragile bakoitzak proposatutako D ereduaren aldeko esaldiekin. «Irudi guztiek mosaiko moduko bat eratuko dute marrazki bat osatuz, euskalgintzaren batasuna eta euskarak batzen gaituela irudikatuz», azaldu du Nafarroako euskalgintzak. Kanpainaren irudia haur baten itzala da. «Euskara txikitatik belarritik sartzen dela eta ahotik ateratzen dela adierazten du», azaldu dute mugimendu euskaltzaleek.

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izatearen alde egin dute eragileek, eta adierazi zonifikazioak ez duela «inongo oinarri soziolinguistikorik». Mañerun (Nafarroa) berriki gertatutakoa jarri dute adibide moduan. Mañeru eremu mistoan sartzeko eskariaren aurka egin zuen Nafarroako Parlamentuko gehiengoak. «Herritar gehienen nahiari muzin egin diote, eta, gainera, lehen hezkuntzako haur gehienen familiek euskaraz ikasteko hautua egin dute: %64k D ereduan eta %36k A ereduan. Ez du inork gaztelera hutsezko hauturik egin. Erabaki horrek atea itxi dio euskarari Mañerun», salatu dute.

Kanpainarekin, euskalgintzak bultzatu nahi du haurrak eskolatze adinean dituzten familiek seme-alabak D ereduan matrikulatzea. Erabaki horrek haurrei eta familiei mesede egingo diela ere nabarmendu dute eragileek: «Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak egiteko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara».

Kanpaina bultzatu duten eragileak Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen Elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, Steilas, AEK, IKA, Eremu Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.