Osakidetzaren auziko delituak larriagoak direla uste du LABek

Astelehenera arte 16 lagunen lekukotzak entzungo ditu epaileak. Sindikatuak hainbat txosten aurkeztu ditu, zuzendaritza inputatzeko

LABeko kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo, deklaratu aurretik, Gasteizko epaitegi aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Maider Galardi
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
«Apurka ikusten ari gara nola auziak dimentsio geroz eta handiagoa hartu duen». Pozik irten zen atzo Jesus Oñate Osakidetzako langile eta LAB sindikatuko ordezkaria Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegitik. Izan ere, atzo hasi ziren pasatzen epailearen aurretik sindikatuak eskatutako 24 lekukoak, 2016-2017ko Osakidetzako LEP lan eskaintza publikoetako iruzurraren auzia argitzeko asmoz. Lehen txandan, hamasei lekukok hartuko dute hitza, datorren astelehenera bitarte, eta espero dute gainontzekoek azaroa baino lehen pasatzea. Lekukoen bidez, sindikatuaren asmoa da mahai gainean jartzea Osakidetzaren oposizioetako irregulartasunak —LABek hainbat txosten eta ikerketa utzi ditu epailearen esku—, eta argitzea ea garai hartako zuzendaritzak babestu ote zituen horiek.

Hain zuzen, 24 lekuko horien artean, lehiaketan parte hartu zuten medikuak daude, baina baita garaian ardura postua zuten hainbat pertsona ere. Besteak beste, hitza hartuko du, ustez azterketen «gardentasuna bermatzeko» proba psikometrikoa gidatu zuen Oviedoko medikuntza fakultateko Jose Muñiz Fernandezek. LABek frogatu nahi du,prozesuan irregulartasunak egoteaz gain, Osakidetzak «bidezko azterketa bat» egiteko jarritako bermeak ez zirela nahikoa izan.

«Iruzurraren susmoa hor zegoen, gardentasuna bermatzeko exijentziak geroz eta handiagoak ziren, eta Osakidetza behartuta sentitu zen mugimendu horiek egitera; baina, praktikan, berdin mantendu zuten prozedura». Guztira prozesu judizialean zazpi ofizio sartzeko eskatu du sindikatuak: besteak beste, azterketaren aurretik, Donostiako Astoria hotelean traumatologiako azterketako epaimahaiko kideek egindako bileragatik espedientea ireki zitzaien ala ez argitzea.

Lekukoen bidea urratuta, Oñatek uste du aukera dagoela batzuk inputatu gisa esertzeko: «Oso pozik gaude, auzia hartzen ari den dimentsioa proportzionala baita. Hasieran, sekretuak agerraraztearen delitua zela uste genuen, bain, orain, zilegi ez den elkartea izan daiteke».

Hortaz, auzia inflexio puntu batera iritsi dela dio Oñatek, eta hala esan du epaitegian ere: «Planteatu dudana da LABek dauzkan ikerketa guztiek eta ditugun elementu guztiek norabide berean jotzen dutela: filtrazioak egon direla».

Zuzendaritza inputatu nahi

LABek, ordea, harago jo nahi du, eta eskatu du garai horretan Osakidetzako zuzendaritzan egondakoak «formalki» inputatzeko. Sindikatuak bost kide inputatu nahi ditu, tartean, Jon Darpon 2012 eta 2019 artean Jaurlaritzako Osasun sailburua izandakoa, eta Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia.

Ekainean eman zuen LABek horren berri, eta hala eskatzen segitzen du orain ere. Oñateren arabera, «asmo bidegabeetarako elkartzearen» delituagatik inputaditzake epaileak: «Argi dugu zuzendaritzak bere esku zituen baliabide guztiak erabili zituela bezero sare horrek bere xedeak betetzeko. Hori da aletzen saiatu garena, eta elementu batzuk jarri ditugu mahai gainean».

Erantzukizun nagusia zuzendaritzarena dela azpimarratu zuten atzo LABekoek, Gasteizen egindako elkarretaratzean: «Filtrazioak aspalditik datoz, eta, ez eragozteaz gain, zuzendaritzak eskura zituen baliabide guztiak erabili zituen azterketak egin aurretik lanpostuak nahierara banatzeko sistema hobetzeko, eta,filtrazioak aurkitu ondoren, ezkutatzen eta argitzea oztopatzen saiatu zen».

Era berean, Oñatek ohartarazi du medikuak direla kaltetu nagusiak: «Osakidetzako langileen artean, behin-behinekotasunik handiena medikuen artean dago. Lehiaketa egitera doazenak badakite giltza zerbitzuburuak duela, eta, beraz, haiei men egin besterik ez dute askotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.