Hainbat elkarte ekologista eta gizarte eragilek bat egin zuten atzo mundu osoan egindako deialdiarekin, eta manifestazioa egin zuten Bilbon, deskarbonizazio «azkarra, zuzena eta behin betikoa» eskatzeko. Irailaren 20an NBE Nazio Batuen Erakundeak klimari buruzko goi bilera egingo du New Yorken, eta horren aurrean, erregai fosilen erabiltzea murrizteko neurri ausartagoak galdegin zituzten atzo Bilboko kaleetan.
Manifestazioa Plaza Eliptikotik abiatu zen, eta Kale Nagusia zeharkatu zuen Arriagaraino. Buruan gazteak zihoazen, erregai fosilak «lurpean» uzteko eta borroka «kanpora» ateratzeko eskatzen zuen pankarta batekin. Horien atzean elkarte ekologistak joan ziren, zein bere pankartarekin. Ekologistak Martxan-enak, adibidez, «justizia klimatikoa» eskatzen zuen, eta ohartarazten zuen «denbora agortzen» ari dela. AHT abiadura handiko trenaren kontrako mugimenduarenak, berriz, gogorarazten zuen hura eraikitzeko lanek Euskal Herriko CO2 isurien %30 sortzen dituztela.
Oihuak etengabeak izan ziren manifestazio osoan: Ez, ez, ez, erregai fosilik ez; Gure etxea sutan dago; Sistema aldatu, ez klima; Etorkizuna ez dago salgai; Planeta zaindu, ez iraindu; Ama lurra defenda dezagun; Ez dago B planetariketa antzeko leloak. Petronor enpresaren kontrako oihuak ere ugariak izan ziren.
Isuriak, gora
Manifestazioarekin bat egiten duten erakundeek aste honetan aurkeztutako agiriaren laburpen bat irakurri zuten mobilizazioa amaitutakoan. Gogorarazi zuten CO2 isuriek «gora egiten» jarraitzen dutela, «nahiz eta muturreko fenomeno meteorologikoek urteak daramatzaten ondorio sozial eta ekonomiko izugarriak izaten», eta salatu zuten gobernuak «oso urrun» daudela «jarraibide zientifikoekin bateragarria den murrizketa bat finkatzetik, eta adieraztetik erregai fosilak arazo klimatiko handiaren sorburu nagusia direla eta horien erabilera desagertu egin behar dela».
Irailaren 20ko goi bilerari begira, erregai fosilen erabilpenari amaiera data jartzeko eskatu zuten: «Erregai fosilei behin betiko amaiera ematea da bizitzea merezi duen etorkizuna bermatzeko modu bakarra».
Erregai fosilak erabiltzeari uzteko eskatu dute Bilbon
Deskarbonizazio «azkarra, zuzena eta behin betikoa» aldarrikatu dute manifestazio baten bidez. «Justizia klimatikoa» eskatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu