Angeluko suhiltzaileek gaur ebatziko dute lan ituna onetsi ala ez

Langileen ordezkariek bilkura egin dute departamenduarekin. Protestaren geroaren gainean deus ebatzi bitartean, grebak badirau

Suhiltzaileak joan den uztailean egindako protesta batean, Baionako besten denboran. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Joan den otsailetik negoziazioetan ari dira Pirinio Atlantikoetako suhiltzaileak departamenduarekin. Angeluko (Lapurdi) suhiltzaileek abiatu zuten elkarrizketa prozesua, eta ondoren, ekainean, greba hasi zuten. Estatu osora hedatu dira geroztik protestak. Dauzkaten lan baldintzak salatzen ari dira suhiltzaileak: 24 orduko lanaldi jarraituak, postu eskasiagatik lan zama handiak, eta pagatu gabeko oren gehigarri andana, besteak beste. Kittof Bordagarai ofiziozko suhiltzailea da Angelun, eta langile sindikatuko ordezkaria. Estu ari direla esan du: «Gure segurtasuna ez da bermatua. Gutxiegi gara lan zama handi baten kudeatzeko. Gu ez bagara seguru, populua ere ez». Pirinio Atlantikoetako Departamenduak dauka suhiltzaileen ardura. Atzo langileen ordezkariek bilera egin zuten departamenduko kideekin, ituna hizpide. Gaur ebatziko dute suhiltzaileek akordioa onetsi ala ez.

Suhiltzaileek proposamen bat egin diote departamenduari. Esaterako, estatuko beste toki batzuetan egiten dena eredu hartuta, hamabi oreneko lanaldiak egiteko eskatu dute, eta ez 24 ordukoak. Horrek ekarriko luke, haien kalkuluen arabera, ehunpostu sortu behar izatea departamendu osorako; horietarik 22, Angeluko (Lapurdi) kasernarako. Lanpostu horiek ukan ezean, suhiltzaileen segurtasuna arriskuan ikusten dute.

Bordagaraien arabera, departamenduak ere plan bat proposatu die, eta «partzialki baizik» ez die erantzun langileen eskaerei. Prest agertu da orotara 42 lanpostu eskaintzeko; horien bidez, suhiltzaileen parte batek egin ahalko luke hamabi orduko lanaldia, baina denek ez. Kittof Bordagaraik ez daki oraindik akordioa onartuko duten. Haren ustez, proposamen «eskasa» da, eta interbentzioetara joateko suhiltzaile kopuru segurua ez du bermatzen. «Kamioi batean sartzean, hamar suhiltzaile behar genuke izan, baina plan horrekin sei soilik izatera helduko gara. Ez da aski.» Negoziazioetan aspalditik ari dira, eta adierazi du erabakia kolektiboki hartuko dutela, baina ez daukatela «presarik». Departamenduaren jarrera salatu du: «Esperientziak egiten dituzte gurekin, arratoiak bagina bezala». Mobilizazioetan eta greban segitzeko prest daudela azaldu du—berez, urriaren bukaerara arte finkatua dute—.Pepela Mirande departamenduko kontseilaria da, eta suhiltzaileen afera segitzen du, segurtasun zerbitzuko sailburua delako. BERRIAri adierazi dio ez duela azaldu nahi deus gaiaren inguruan, erabaki ofiziala agertu arte. Hala ere, departamenduak proposamen «eskuzabala» egin duela erran du, eta negoziazioak «bide onean» daudela.

Estatu mailako aldarriak

Bordagarai kezkaturik agertu da estatu mailako aldaketa batzuekin ere. Esaterako, arriskudun lanbide gisara aintzat hartuak izatea nahi dute aspalditik suhiltzaileek, arrisku lansaria ukaiteko. Horregatik, datorren urriaren 15ean Euskal Herritik hamarnaka suhiltzaile joango dira protesta egitera Parisera. Angeluko (Lapurdi), Donibane Lohizuneko (Lapurdi) edo Hendaiako (Lapurdi) kasernetatik irtengo dira. Erretreten erreforma ere begi txarrez ikusten dutela adierazia dute: egun, 57 urterekin joan daitezke erretretara, baina beldur dira adina goratuko duten.

Suhiltzaile sartu nahi dutenen kopuruak behera egin duela deitoratu dute, horren atzean «lanbideak dakartzan prekaritatea eta zailtasunak» daude Bordagarairen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.