Babes zabala lortu du Euskal Eskola Publikoaz Harro taldearen deialdiak

Manifestazioa egingo dute gaur, Bilbon. EH Bilduk eta EPk ordezkaritza bana bidaliko dute

Manifestazioari babesa adierazteko Elkarrekin Podemos-IUk egindako agerraldia, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak deituta, hezkuntza publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute gaur, Bilbon. Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez! lelopean, 17:00etan hasiko da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Bizkaiko ordezkaritzatik Arriaga plazara arteko ibilbidea egingo dute. Aurkezpen ekitaldian esan zutenez, eskola publikoak administrazioaren «lehentasun osoa» izan dezala eskatuko dute,eta egungo hezkuntza sistema «duala, klasista eta arrazista» dela salatu.

Hezkuntza eremuko hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin: besteak beste, LABek, Steilasek, CCOOk, EHIGEk eta Heizek. Hasiera batean ez, baina gerora ELA sindikatuak ere bat egin du. Sare sozialen bidez, dozenaka eskolaren babesa ere jaso dute.

Orain, alderdi politikoak ere batu dira protestara. EH Bilduk iragarri duenez, ordezkaritza bat bidaliko du manifestaziora, tartean Ikoitz Arrese hezkuntza idazkaria egongo da. Koalizioak nabarmendu du «euskal hezkuntza sistema publiko burujabea» aldarrikatzen duela. Eta hala erantsi: «Hezkuntza sistema publiko baten aldeko apustua egiten dugunean, botere publikoek gizarte osoari dagozkion hezkuntza eskubideak bermatzeko betebeharra dutela hartzen dugu kontuan, euskal hezkuntza publikoa herri ikuspegi publikoan kokatuta».

EPk, parte hartzeko deia

Iñigo Martinez eta Isabel Gonzalez legebiltzarkideek Elkarrekin Podemos-IUren izenean agerraldia egin zuten atzo, deialdia babesteko. Iragarri zuten manifestazioan izango direla, eta gainerako herritarrak ere parte hartzera deitu zituzten. Horrela, «hezkuntza publikoa defendatu eta murrizketak eta pribatizazioa salatu» nahi dituzte. Nabarmendu zutenez, «dudagabeko konpromisoa» dute «eskola publikoa blindatzearekin».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkizuneko hezkuntza legeari begira ere jarri dira: «Gaur egungo legea, indarrean 30 urtetik gora daramatzana, erabat iraungita dago, eta aurretik dugun erronka zabala da». Haien irudiko, bertan landu beharko liratekeen ildoak zein diren ere zehaztu dute. Azaldu dute koalizioa «kezkatuta» dagoela, «segregazioarekin dagoen arazo larriagatik», «txosten guztiek» ohartarazten dutelako «ikasle zaurgarrienen kontzentrazio handia» dagoela ikastetxe publikoetan: «Gaur egungo hezkuntza sistemak aukera desberdintasunak erreproduzitzen eta indartzen ditu». Hori horrela, «inklusiorako itun bat» egitea proposatu dute: «Eginahal guztiak egingo ditugu hezkuntza publiko, inklusibo, berdinzale eta euskaldun bat ahalbidetuko duen lege bat sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.