AEK euskarazko ikastaro laburrak ematen hasiko zaie langileei doan

'Hitzekin. Denok euskara doan' egitasmoa aurkeztu du, ELA eta LAB sindikatuekin batera

Langileekin abiatuko du AEK-k doako ikastaro laburrak eskaintzeko bidea. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Euskara ikasteko doakotasunerantz pauso bat emango duAEK-k: ikastaro laburrak eskainiko dizkie hala eskatzen duten langile taldeei, musu truk; euskaltegiok egingo dute lehen urratsa, baina haien asmoa da administrazioei eskatzea ikastarook finantzatzeko. Korrika datorren astean abiatuko da, eta, haren leloarekin lotuta, Hitzekin. Denok euskara doan dinamika aurkeztu zuten atzo Bilbon, «doako ezagutza unibertsalizatzeko beharra» agerian uzteko. Eta bertan egingo dute lehen proba, udazkenean, Iberdrola eta Garbilan enpresetako beharginekin, ELA eta LAB sindikatuekin elkarlanean.

«Euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea dela azpimarratzen ari gara 22. Korrikan; aldekotasunetik konpromisora jotzekoa, eta konpromisotik eragitera», ekarri du gogora Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusiak. Funtsean, euskara ikasi nahi duten herritarrek doan egiteko aukera izatea defendatu du, eta erakunde publikoei «urrats sendoagoak» eskatu dizkie: «Uste dugu unea dela euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Osa dezagun, elkarlanean, guztiok doan ikasteko bide orria». Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko, helduen euskalduntzea giltzarritzat jo du: «Helduen gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da».

Hitzekin. Denok euskara doan egitasmoaren lehen pausoak dira, baina etorriko dira gehiago. Apirilaren 4an, Donibane Garazinagerraldi bat egingo dute beste euskaltegi batzuekin, adierazpen bat aurkezteko. Era berean, doako ikastaro laburren dinamika etorkinei ere helarazi nahi diete, baina aurrerago emango dute horren berri. Hortaz, lan munduan hasiko dira, Iribarrenek azaldu duenez: «Eremu sozioekonomikoak pertsonen egunerokoa ardazten du, kontsumitzaile, langile zein herritar gisa. Euskalduntze prozesuan jauzia egiteko unea da».

Arlo horretan, ELArekin eta LABekin elkarlan bide bat landu du AEK-k, eta datorren ikasturtean doako ikastaro laburrak eskainiko dizkie prest dauden langile taldeei, oinarrizko maila eskuratu dezaten. «Gehiagorengana iritsi nahi dugu». AEK-k hartuko du ekimena, eta ondoren joko du erakundeetara, ikastaroen inbertsioa beren gain har dezaten. «Finean, asmo nagusia da Euskal Herriko administrazioek bide orri bat osatzea, langile guztiek euskara doan ikasi dezaten».

Lehen ariketa Bilbon egingo dute, Iberdrolako eta Garbilaneko beharginekin. «Langileon ekimena ardatz izango da, baina argi dugu euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar duela», adierazi du Gorka Lopez del Corral Iberdrolako langileak. Administrazioei «erabaki ausartagoak» galdegin dizkie: «Neurri eraginkorragoak behar dira, eta inbertsio ekonomikoak». Susana Gabantxo Garbilaneko ordezkariak erantsi du hizkuntza eskubideak «lan baldintza hobeen aldeko borrokan» txertatu behar direla: «Premiazkoa da euskara ikasteko modua ematea pertsona guztiei, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzua doakoa izatea».

Korrika, atzerako kontuan

Astebete baino gutxiago falta da Korrikaren lekukoa eskuz esku pasatzen hasteko —ostegunean abiatuko da, Amurriotik (Araba), eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara—, eta atzo xehetasunen berri eman zuten Bilbon, iluntzean BBK Salan egindako aurkezpen sozialean. Ehun gonbidatu baino gehiagoren aurrean, lasterketan parte hartzera deitu zuen Asier Amondo Korrikaren arduradunak: «Azken egunean ere ikusi nahi zaituztegu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.