«Eroen» zerrendatik «nahastuenera»

OME Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaixotasunen zerrendatik kendu du transexualitatea: sexu osasunari lotutako zerrendan egongo da, eta genero nahasmendutzat hartuko da. Aurrerapausoa izan da, bai, baina «txikia», eragileen ustez.

Ume transexualen eskubideen aldeko elkarretaratzea, Ondarroan (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Eritasunen Nazioarteko Sailkapen berria onartu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, 11. edizioa. Azken hamar urteak igaro dituzte zerrenda berria osatzen. Datorren urteko maiatzean aurkeztuko diete kide diren estatuei, Osasunaren Munduko Asanbladan, eta 2022ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Hainbat aldaketa jaso ditu. Besteak beste, transexualitatea buruko eritasunen zerrendatik kendu dute. «Aurrerapausoa dela iruditzen zaigu, txikia, baina gure helburua zerrenda horretatik ateratzea da», ohartarazi du Bea Severrek, Chrysallis Euskal Herria ume transexualen familien elkarteko bozeramaileak. Izan ere, sexu osasunari lotutako zerrendara pasatu dute.

Aurrerantzean, transexualitatea «genero inkongruentzia» izango da: hau da, gorputzak eta buruak markatutako generoak ez datozela bat. Severren esanetan, horrek adierazten du OMEk uste duela pertsona transexualak oker daudela. «Esan nahi dute: 'Ez da buruko gaixotasuna. Baina oker daude, nahastuta'». OMEk oraindik «ikuspuntu genitalista» duela salatu du: «Esan nahi dute: 'genitalak daude zuzen, ez burua'». Horregatik, «paradigma zaharrean» jarraitzen dutela salatu du. «Pauso bat eman dute, baina lehengo ikuspegitik begiratzen jarraitzen dute».

Josebe Iturrioz militante transfeministak «pozik» hartu du aldaketa, aspaldiko aldarrikapena delako: «Orain ez naiz ero bat!». Gainera, DSM izeneko buruko nahasmenduak diagnostikatzeko gidaliburuak «arriskutsuak» direla esan du. «Gizartean normatibizatzen dute nor den normala eta nor den eroa, eta oso kontserbadoreak dira: homosexualitatea 1990eko hamarkadan atera zuten zerrendatik, duela gutxi».

Orain, transexualitatearen txanda izan da. Baina Iturriozek kezkaz ere hartu du erabakia: ez du nahi «disfuntzio sexual» gisa hartzea. «Queer mugimenduak eta transfeminismoak esaten dugu ez dagoela inolako arazorik gorputzarekin. Arazoa da generoak eta sexuak horrela kategorizatzen dituen gizartea. Pertsona transexualek ebakuntzak eta hormonak behar ditugu gizarteak gure gorputzetan gu garen hori irakurri dezan. Baina, printzipioz, guk ez dugu pentsatzen gure burua eta gorputza ez datozela bat. Nireak bat datoz, erabat. Are gehiago: gorputza desproblematizatu nahi dugu». Azaldu duenez, transexual gazteenen artean, zenbat eta onartuago egon euren genero aukerak, orduan eta arazo gutxiago dute haien genitalekin; ondorioz, ez dute ebakuntzarik behar izaten.

OMEk astelehenean eman zituen zehaztasunak, Genevan egindako agerraldi batean. Buruko Osasunaren eta Substantzien Abusuen Arloko zuzendari Shekar Saxenak azaldu du zergatik mantendu duten liburuan. Esan du herrialde batzuetan katalogoa erabiltzen dela osasun zerbitzuak antolatzeko; zerrendatik kanpo dagoenari ez zaio arretarik eskaintzen: «Behar dutenean mediku arreta jasoko dutela bermatu nahi dugu. Baina dagoeneko ez da buruko eritasuna, ez dagoelako genero identitate nahasmendua duen pertsona batek ezinbestean buruko nahasmendua izan behar duen ebidentziarik». Aitortu du orain arte buruko eritasunen zerrendan mantendu izanak arazoak sortu dizkiela transexualei, horren ondorioz «estigmatizatuta» daudelako.

Iturriozek, neurri batean, ulertu du katalogoan agertu beharra. «Transexualitatea ez bada patologia bat, ez bada nahasmendu bat, ez bada ezer, arazo bat izango dugu osasun sistema publikoan sarbidea izateko. Adibidez, nik hormonak hartzen ditut, eta Osakidetzak diruz laguntzen nau. Legez, gaixotasun eta nahasmenduetarako tratamenduak baino ez dira finantzatzen; beraz, hori galduko nuke. Berdin gertatuko litzateke ebakuntzekin».

Sailkapenak hautsi

Katalogo berrian, OMEk nerabezaroan ipini du mugarria: etapa hori pasatu arte ezingo da transexualitatea diagnostikatu. Severri ez zaio ondo iruditu. «Gure haurrak horrelakoak dira betidanik. Argi esaten dute ume-umetatik». Iturriozek onartu du arazoak sortuko dituela, baina aukera bat ikusi du erabaki horretan: «Nerabezaroa baino lehen neska bezala eroso sentitzen ez den ume bat mutil izatera bideratuko dute automatikoki. Egokiagoa da nahi duen izena aukeratzen, nahi duen moduan janzten uztea umeari. Segituan bideratzen baditugu, sexu eta genero disidentzia gehiago apurtuko ditugu. Badira pertsona ez bitarrak, badira genero neutrala dutenak...». Bere ustez, hori onartzetik etorriko da konponbidea. Askotariko nortasunak azaleratzeko neurriak hartu behar direla esan du: «Helburua izan behar da normatibitatea apurtzea. Nahi duena izan dadila emakume, nahi duena gizon, baina besteoi ez diezagutela esan zer izan behar dugun».

Severrek ez du uste OMEren erabakiak berehalako eraginik izango duenik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako transexualek Gurutzetako ospitaleko Genero Unitatera jo behar dute (Bizkaia) trantsizioa egin nahi badute, eta abiapuntua psikiatren eta psikologoen txostena izaten da: pazienteak genero identitate nahasmendua duela diagnostikatu behar izaten dute, aurrera egiteko. Iruditzen zaio hori legeekin baino ezin dela aldatu. Nafarroa ipini du eredu. «LGTBI lege berriarekin, erabaki zuten ez zutela genero identitate nahasmendua kontzeptua erabiliko gehiago. Orain Z kodea aipatzen dute; hau da, zehaztu gabeko sexualitateari buruzko kontsulta. Ez da onena, baina bai hobea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.