Zonifikazioari buruz ohartaraziko dituzte Europako behatzaileak

Euroitunaren betetze maila aztertzen duten adituak Iruñean izanen dira datorren astean

Garbiñe Petriati eta Paul Bilbao, atzo Iruñean egindako agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Hamazazpi urte dira Espainiako Estatuak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna sinatu zuela. Urteak joan dira, baina konpromiso batzuk oraindik ez ditu betetzen, Kontseiluak eta Behatokiak salatu dutenez. Espainiak irailean aurkeztu zuen ituna betetzeari buruzko borzgarren txostena —2014 eta 2016 artekoa—, eta Kontseiluak eta Behatokiak horren azterketa egin dute. Ohartarazi dute Espainiaren txostena aurrekoen «errepikapena» dela. Datorren astean Iruñean izango dira itunaren jarraipena egiten duten adituak, eta batez ere bi gairi helduko diete euskalgintzako ordezkariek: justizian dauden hutsuneei eta Nafarroako zonifikazioari.

Kontseiluko eta Behatokiko arduradunek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, adituekin egingo duten bileraren berri emateko. Euskal Herriari dagokionez, Iruñean egingo dute geldialdia adituek. Bilbaok iragarri duenez, adituei eskatuko die agintariek eman dezatela «informazio zehatza» ituna betetzeko konpromisoei buruz. Horrez gain, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa baliatzeko eskatuko die.

Euskararen ofizialtasuna bermatzeko eskatu dio Kontseiluko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuari. Ohartarazi du Espainiaren agintepeko administrazioan gaztelania soilik baliatzen dutela, eta lan deialdietan «iruzur» egiten dutela erkidegoetako hizkuntza ofizialak kontuan ez hartzeko. «Iruzur» horren frogak emango dizkiete adituei. «Estatuari kargu hartu behar zaio. Ez badu Europako ituna betetzen, ezin du gezurrik esan».

Justiziaren arloko hutsuneez ere arituko dira adituekin. Bilbaok gogora ekarri du Europako Kontseiluak askotan eskatu diola Espainiari Botere Judizialaren Legea aldatzeko —ezartzen du gaztelania dela justizia arloko hizkuntza—. «Baina ez du aldatu».

Administrazioko langileak

Hego Euskal Herriko egoera zehatzaz ere ohartaraziko diete adituei, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak azaldu duenez. Nafarroan langile euskaldunen aurka hartutako neurriak salatuko dituzte: «Ateak itxi zaizkie Nafarroako administrazioan euskara jakiteagatik lanpostua lortu duten langileei». Ezin dute jo erdarazko postuetara. Gainera, berretsi dute euskara eskakizuna oso postu gutxik dutela; osasun arloa aipatuko diete bereziki. «Gaur egun ditugun baldintzak ez dira nahikoak herritarren hizkuntza eskubideak betetzeko». Gaineratu dute administraziotik harago ez dela neurririk hartu Europako Ituneko konpromisoak betetzeko.

Nafarroaren kasuan, euskara ofiziala den eremuan soilik eragiten du itunak. Kontseiluak eta Behatokiak adituei ohartaraziko diete, hala ere, ituna benetan bete dadin ezinbestekoa dela zonifikazioa amaitzea eta administrazioaren esparruan urratsak egitea.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, bereziki bi hutsune aipatuko dituzte: osasun arloa eta Ertzaintza. Horiekin batera, ohartaraziko diete administrazioko langileen %54k oraindik ez dutela egiaztatu dagokien hizkuntza eskakizuna. Gainera, Nafarroan bezala, hiru herrialde horietan ere neurri «zehatzak» eskatuko dituzte euskararen erabilerari dagokionez. Zehazki, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko erabakiak galdegingo dituzte adituen aurrean.

Europako adituek, egoera bertatik bertara aztertu ondotik, txosten bat prestatuko dute gomendioekin, eta Europako Kontseiluko Ministroen Batzordera bidaliko dute. Horretan oinarrituta, Ministroen Batzordeak sei-zazpi gomendioko txosten bat egingo du Espainiarentzat. Bilbaok espero du azken gomendio sorta martxorako izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.