Lehen aldien mugak apurtzen

Matematiketako sari ospetsua da 'Abel' deitua; Karen Uhlenbeck izango da lehen andre saritua

Karen Uhlenbeck matematikaria, arbel baten aurrean. ANDREA KANE / INSTITUTE FOR ADVANCED STUDY.
arantxa iraola
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bakanak eta ezohikoak dira oraindik emakumezkoek ibilbide akademiko edo sorkuntzazkoaren goraipamen gisara jasotzen dituzten sariak; gizonak gailentzen dira, eta, horrexegatik, lehen aldiei buruzko erreferentziaz josita daude alorreko albisteak. Abel saria izenekoak ekarri du orain, adibidez, goiburua: matematikan diharduten ikertzaileak saritzen ditu, Nobel sariaren parekotzat dute, 2003tik ematen da, eta andre bat saritu dute lehenbiziko aldiz: Karen Keskulla Uhlenbeck matematikaria. Oslon eman zuten atzo albistea: izan ere, Norvegiako Zientzien eta Letren Akademiak antolatzen du saria. Uhlenbeck «aitzindaria» izan dela nabarmendu dute hura saritzea erabaki duten epaimahaikideek. «Haren ekarpenek aurrerapauso handiak ekarri dituzte matematiketan igaro 40 urteotan», ondorioztatu dute.

Bereziki geometriaren eta matematika fisikoaren arloan ibilia da Uhlenbeck, eta epaimahaiak azpimarratu du «aitzindaria» izan dela. Adierazi du «geometra orok» erabiltzen dituela hark garatutako metodoak: «Haien lanabes kutxan daude». Oro har, ekuazio diferentzial partzial geometrikoetan eta gauge teorian ikertzaile horrek egin dituen «lorpenak» goraipatu ditu. Esaterako, epaimahaiaren ustez, «gainazal minimoak» —adibidez, xaboi burbuilak— ulertzeko era «irauli» egin dute haren ekarpenek.

Pareta artean

AEB Ameriketako Estatu Batuetako ikertzailea da Uhlenbeck, 1942an sortua, Cleveland hirian. Hantxe garatu du ibilbide akademikoa, hainbat unibertsitatetan. Bide urratzailea izatea egokitu zaio lehendik ere: gizonen mundu bat eraldatzekoa, bide horretan mugarriak ipintzekoa. 1990. urtean, adibidez, urrats garrantzitsua egin zuen Kyoton (Japonia) eginiko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan. Lau urtean behin mundu osoko matematikariek egiten duten topaketa izaten da, aski ospetsua, eta bertan baziren ia 60 urte—1932an Emmy Noetherrek bidea urratu zuenetik— andrazko batek ez zuela erarik izan hitzaldi nagusi bat emateko: Uhlenbeckek, ordea, apurtu egin zuen horma hura.

Ahalegina egin du beti, gainera, andrazkoek zientziara heltzeko, eta zientzian aurrera egiteko inguruan dituzten paretak zein diren ikusteko, eta eraisten ahalegintzeko bideak lantzeko: besteak beste, Emakumeak eta Matematika Institutuaren sortzaileetako bat da. Ingurua eraldatzeko jardunbideak defendatu ditu. Hona, esaterako, haren esan bat: «Mundu guztiak daki pertsona batek arrakasta izango duela azkarra bada, dibertigarria bada, polita bada eta ongi jantzita badoa. Baina arrakasta lor daiteke zeure akatsak hor daudela ere». Gizarte parekideago baten alde egin dituen urratsak ere nabarmendu dituzte saria emateko garaian: «Jarraitu beharreko eredua da».

Norvegiako Parlamentuak erabaki zuen Abel saria banatzen hastea. Niels Henrik Abel matematikaria —1802an sortua— oroitarazteko jarri zioten izen hori.

Gutxiengoan, beti

Aparteko oihartzuna lortu zuen atzo saria andrazko batek jasoko duela jakiteak. Izan ere, datuek, bere hotzean, argi uzten dute halakoetan oraindik gutxiengoa direla. Abel saria horren adibide argia da. Horra zientzietako Nobel sariak ere. Fisikakoa hiru emakumek bakarrik jaso dute; 210 gizonek. Kimikakoa, 180 gizonek, bost emakumek. Medikuntzan, antzera: 216 gizon saritu, eta hamabi andre. Horregatik, pozerako eta harridurarako motibo dira oraindik andreen sariak. Iaz, esaterako, 55 urtean lehen aldiz jaso zuen Fisikako Nobel saria emakume batek, Donna Strickland ikertzaile kanadarrak, eta nabarmentzekoalbistea izan zen hori. Baina bestelakoak nagusitzea ez da ezohikoa: asko dira andre sariturik gabeko urteak. Iaz, hala ere, izan zen beste berri pozgarri bat, bi andre saritu baitzituzten: Strickland fisikan, eta Frances H. Arnold Kimikan. Lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.