Haizagailua piztu dute

Navarra Sumak Iruñeko haur eskolen kudeaketa ikertuko du, «Asironen ardura» delakoan. «Gurasoak manipulatzea» egotzi dio euskalgintzari

Maria Caballero eta Fernando Sesma zinegotziak, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Navarra Sumak ez du ardurarik hartu nahi haur eskolen auzian. Milaka pertsonak euskarazko hezkuntzaren alde eginiko manifestazioaren ostean eta biharko osoko bilkuran oposizioak aurkeztuko duen gaitzespen mozioaren aurretik, atzo agerraldia egin zuten Iruñeko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Fernando Sesmak eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maria Caballerok. Udal ordezkariok, baina, ez zituzten hizpide izan iragan larunbateko manifestaldian kritikatutako murrizketak eta oposizioko taldeek behin eta berriz eskatu dizkieten datuak —haur eskoletan eredu aldaketa posible bat justifikatuko luketenak—. Horren ordez, haizagailua piztea erabaki du koalizio eskuindarrak.

Egungo egoera gatazkatsua «Asironen eta haren gobernuaren kudeaketaren ondorio» dela esan zuten Caballerok eta Sesmak. Are: «barne ikerketa bat» abiatuko dute, aurreko legealdian haur eskoletan eginiko zenbait aldaketarekin lotuta «erantzukizunik exijitu daitekeen ala ez» erabakitzeko.

Zehazki, Asironen agintaldian euskarazko eskaintza bi eskola gehiagotara zabaldu izana «erabaki arbitrarioa» izan zen Sesmaren aburuz, eta «gurasoen eta langileen eskubideak urratu» zituen. Egungo udal gobernuak, berriz, 1999tik indarrean zegoen eredua baino are murriztaileago bat ezarri du: heldu den ikasturtetik aurrera, haur eskola bakarra izanen da euskara hutsezkoa—hamabi dira, guztira—, eta, beste batean, tokien erdiak bakarrik izanen dira euskarazkoak. Hezkuntza zinegotziaren irudiko, baina, «epaitegiek agindutakoa bete» besterik ez dute egin: «Gustatuko litzaiguke, bai, egoera soziolinguistikoari egokitutako eskaintza egitea eta aldaketak mailaka eta lasaitasunez ezartzea, baina behartuta gaude epaiak betetzera eta haur eskolen eskaintza leheneratzera».

Zehazki, aurreko legealdian eginiko 91 lanpostuko deialdi publikoa aztertuko dute, Navarra Sumaren irudiko, haur eskoletan lanean zirenek «abantailak» izan zituztelako beste hautagaien aldean. Bestalde, ingelesa eta gaztelania uztartzen dituen Hello ereduko eskoletan hezitzaileak kontratatzeko baldintzetan ingelesezko C1 maila ezartzea «inposizioa» izan zela esan du Sesmak. Egungo udal gobernuak apaldu egin du baldintza hori, B1ekoa ezarrita.

Azkenik, haur eskoletako jangeletako kontratua berritu eta janari ekologikoaren aldeko apustua egin izana ere gogor kritikatu du Hezkuntza zinegotziak, «nahieran eta lizitaziorik gabe eginiko kontratazio apetatsua» izan zela argudiatuta.

Gaitzespen mozioaz

Haserre azaldu zen Caballero iragan larunbateko manifestazioarekin: «Aurreko kudeatzaile politikoak ikusi behar izan ditugu kalean, lotsagabe, egungo udalari erantzukizunak eskatzen, errudunak gu bagina bezala. Eurekeman beharko lituzkete azalpenak». Manifestazioaren deialdia egin zutenei, berriz, jendea «manipulatzea» egotzi zien Caballerok: «Gu ez gara egoera honen erantzuleak; aurkitu genuen egoera kudeatzea egokitu zaigu».

Ez dute hori uste oposizioko taldeek, eta Sesma zinegotziaren jokabidea gaitzesteko mozio bat aurkeztuko dute biharko osoko bilkuran. Sesmari leporatzen diote, zehazki, taldeei ez ematea haur eskolen inguruan egiten ari diren inkestari buruzko informazioa. Atzoko agerraldian, Hezkuntza zinegotziak esan zuen «datuak eskuratu ahala» jakinaraziko dituztela.

Bestalde, osoko bilkurarekin bat eginez, euskarazko haur eskoletako familiek protesta eginen dute bihar, 18:00etan, udaletxearen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.