Koronabirusa

«Egoera okertu aurretik» itxi nahi du akordioa Bruselak

EBko kideek azkartu egingo dituzte susperraldi funtsaren negoziazioak. Finantzatze formula babestu dute, baina banaketa eta baldintzak ez

Ursula von der Leyen Batzordeko presidentea eta Charles Michel Kontseilukoa, atzoko goi bileraren ondoren. O. HOSLET / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Bruselak arnasa hartu du, eta, gutxienez, negoziazioek jarraitzea lortu du. Estatuburuak uztailaren erdialdean bilduko dira berriz, eta, orduan, aurrez aurre izango dira. Atzo, lehen aldiz eta bideokonferentzia bidez, ekonomia suspertzeko Europako Batzordearen plana eztabaidatu zuten. Bilera laburra izan zen: lau ordukoa. Tenperatura hartu zioten elkarri. Uztaileko bileretan iritsiko da puntu gorena.

Atzo argi geratu zen negoziazioak bizkortu nahi dituztela kide gehienek. Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak azpimarratu zuen akordioa azkar egin behar dela, bestela egoera «okertu» egin daitekeela eta. «Ezin dugu atzerapenik onartu». Gauza bera esan zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Mezuez harago, aurrerapauso bat ere egon zen: 27 kideek babestu zuten funtsa finantzatzeko formula: alegia, estatu kideen abalarekin zorra jaulkitzea, EBren aurrekontuaren bidez. Baina trukean, indarrean mantenduko lirateke Europako Batasuneko aurrekontuan ekarpen handiena egiten duten herrialdeentzako deskontu edo txekeak. Erresuma Batua EBtik atera ondoren desagertzeko zorian egon zen tresna hori, baina Batasuna prest azaldu da luzatzeko; keinu bat izango litzateke funtsaren aurka azaldu diren herrialdeei begira.

Dena den, planaren oinarri diren gaien inguruko desadostasunak oso esanguratsuak dira oraindik: funtsaren banaketarenak—750.000 milioi euro guztira—, herrialde bakoitzari adjudikaturiko diru sailen ingurukoak, eta laguntza jasotzen dutenek bete behar lituzketen baldintzei buruzkoak.

Herbehereek, Suediak, Danimarkak eta Austriak berriz ere kritikatu zuten planaren hiru eurotik bi —500.000 milioi— itzuli behar ez diren diru laguntzak izatea, eta gainerakoa maileguak (250.000 milioi). Maileguen aldekoak dira haiek. Gainera, Sebastian Kurz Austriako kantzilerrak, taldeko beste kideek bezala, adierazi zuen erreforma estrukturaletara bideratu behar dela dirua, eta ez, adibidez, «oinarrizko errenta unibertsal batera edo bidaia kupoien ideiaren gisakoetara». Hegoaldeko herrialdeek, bestalde, lehenbailehen jaso nahi dute funtsaren laguntza, eta berretsi zuten ez dutela nahi baldintza gogorrak ezartzerik.

Aurreikuspen ezkorrak

2008ko krisian ez bezala, Herbehereek eta beste hirurek osatutako taldetik aldendu da Alemania. Bileran, Merkelek azpimarratu zuen egungo krisia ezberdina dela, eragin duten faktoreetan eta dimentsioan, eta, beraz, irtenbideak eta eskaerak ezin direla berdinak izan. «Bigarren Mundu Gerraren amaieratik izan den krisi ekonomikorik handienaren aurrean gaude». Emmanuel Macron Frantziako presidenteak negoziazioak bizkortzeko eskatu zuen, abuztua baino lehen akordioa egin dadin, 500.000 milioiren diru laguntzen funtsean gutxienez.

Batzordeko presidente Von der Leyenen ustez, berriz, Batzordearen proposamena «anbizio handikoa eta orekatua» da. Esan zuen krisiak «erreformak egitera behartuko» duela Europa, etafuntsak «modernizazio» horretan lagunduko duela. «Ezin dugu aukera hau galdu».

Mezu horiekin bat egin zuten Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak eta David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak. «Konpromisorako garaia da», adierazi zuen Michelek. Sassolik azpimarratu zuen Batzordearen planak abiapuntua izan behar duela. Bestela esanda: hobetu baino ezin dela egin, baina inola ere ez murriztu.

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak ere parte hartu zuen bileran, eta estatuburuei eskatu zien plan bat adosteko, «azkarra, malgua eta erreforma ekonomikoetan irmoki lotuta egongo dena». Lagarderen esanetan, gobernuek eta EBko erakundeek orain arte egin duten lana eraginkorra izan da, baina ohartarazi zuen negoziazioek porrot egiten badute balitekeela egoera okertzea. Nabarmendu zuen Europako lan merkatuak oraindik ez duela kolperik gogorrena hartu, eta iragarri zuen EBko langabezia tasa hiru-lau puntu igoko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.