Koronabirusa

«Txertaketa masiboa» apiriletik aurrera egiteko asmoa dute Nafarroan

80 urtetik gorakoekin hasiko dute txertaketa kanpaina. Eusko Jaurlaritza datorren astean hasiko da 100 urtetik gorakoak txertatzen

Maria Ortega Zubiate - Edu Lartzaguren
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Biztanleria osoa txertatzeko kanpaina abian jartzea du helburu Nafarroako Gobernuak, eta apirilean horri ekingo diola jakinarazi dute osasun agintariek. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak azaldutakoaren arabera, adin irizpideei jarraituko dituzte txertoak banatzeko, eta 80 urtetik gorakoak izango dira lehenak.

Honezkero 18.916 egoiliar eta langile soziosanitario txertatu dituzte Nafarroan. Biztanleria orokorra txertatzeko kanpaina berrian 80 urtetik gorakoaksartuko dituzte, eta 90 urte baino gehiago dituztenak izango dira lehenak. Horiei dagokienez, apiril aurretik hasiko dira txertatzen. Oraindik ez dakite zehazki noiz, baina «beranduenez» martxoaren 8an izango dela azaldu du Indurainek. Hiri eremuan banatuko dituzte lehenak, eta gerora emango dituzte landa eremuetan. Halere, kontseilariak adierazi du ez direla bi aste baino gehiago pasatuko eremu bateko txertaketatik bestera.

Osasun etxeetako baliabideekin egingo dituzte txertaketak, «behar den errefortzuarekin». Apirilean hasiko dira 80 urtetik gorakoekin, eta txanda eskatu beharko dute. Gero, 70etik gorakoak txertatuko dituzte, eta ondoren, 60 eta 69 artekoak. Azkenik, arrisku faktoreak dituzten 60 urtetik beherakoak txertatuko dituzte.

Indurainek esan duenez, egutegia egiteko badakite Pfizerren zenbat txerto helduko diren, baina oraindik ez dakite ziurtasun osoz Moderna etxeko zenbat iritsiko diren. Edonola ere, esan du adosturiko guztiak helduko direla martxoaren amaierarako. Apirilean, berriz, txerto dosi gehiago edukiko ditu Osasunbideak, eta txerto mota gehiago: Janssen etxekoa aipatu du kontseilariak. Egun martxan dagoen txertaketa prozesuan osasun langileak, poliziak eta suhiltzaileak ari dira jasotzen txertoa. Astebete edo bi aste barru, irakasleekin hasiko dira.

100 urtekoak, etzitik

Eusko Jaurlaritza datorren astean hasiko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 100 urtetik gorako biztanleak txertatzen. 80 urtetik gorakoen txertaketaren atariko pausoa izango da, eta txertaketa zentroetan edo etxeetan txertatuko dituzte. Txertoa etxean jasoko dutenen kasuan, beren taldekorik —80 urtetik gorakorik, alegia— inguruan bizi badute, horiek ere txertatuko dituzte, dosirik galdu ez dadin.

Bestalde, atzo hasi zuten hiru lurraldeetako eguneko zentroetako langileen txertaketa. 55 urtetik beherako langileak txertatu zituzten AstraZenecaren txertoekin, eta, Jaurlaritzako aurreikuspenen arabera, udaltzainak eta etxez etxeko laguntzako langileak izango dira hurrengoak txertoa jasotzen.

AstraZenecaren txertaketen kudeaketak harrabotsa sortu du,anbulantzietako langile azpikontratatuek oraindik ez dutelako txertaketa planik. Kalera atera dira asteon beharginak hori salatzeko. Egoera horren atzeko bidegabekeria aurpegiratu dio Rebeka Ubera EH Bilduko eledunak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Polizia indarrak aurretik txertatzea «iraingarria» dela uste du, anbulantzietako langileak lehen lerroan eta, ondorioz, «arriskuan» daudela iritzi baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.