Etxeko langile egoiliarren %22k ez dute atsedenik aste osoan

Etxeko Langileen Elkarteak kritikatu egin ditu instituzioak, etorkinen bizkar dagoelako zaintza. Paperik bako langile egoiliarren %41ek 900 euro baino gutxiago jasotzen dituzte

Lorea Ureta eta Isabel Otxoa, atzo, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak Bilbon egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Etxeko langileen sektoreak agerian uzten du Atzerritarren Legeak atzean duen hipokrisia guztia». Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko Langileen elkarteko kideak argi hitz egin zuen atzo. Hipokrisia dagoela zioen, gizarteak zaintzaren esparruan duen behar bat betetzera iristen direlako etorkin asko, eta horren trukean laneko «gehiegikeriak» onartu behar dituztelako. Datuak jarri zituen mahai gainean, eta beharginen baldintza gordinak agerian utzi. Esaterako, lanerako etxean bertan lo egiten duten langileen %22k ez dute atseden hartzeko tarterik aste osoan, eta beste %20k legezko 36 orduak baino gutxiago dituzte atsedenerako. Eguneroko legezko bi atseden orduak ere ez dauzkate etxeko langile egoiliarren %30ek. Paperak edukitzeak finkatzen du aldea. «Paperik ez duten langileek baldintza horiek onartu beste aukerarik ez dute».

Elkarteak aholkularitza zerbitzua eskaintzen die etxeko langileei, eta 523 langileren 592 kasu bildu zituzten 2018an. Kontsulta horietatik datuak ateratzen dituzte, eta lagin moduan erabiltzen dute sektorearen argazkia egiteko. Beharginen atsedenarekin jarraituz, gaueko atsedenaren inguruko errealitatea zein den ere erakusten dute datuek: %12k zortzi ordutik beherako atsedena hartzen dute gauetan. Eta, legeak dioena eskuan hartuta, langile bakoitzak hamabi orduko atsedenaldia izateko eskubidea du, Otxoak azaldu zuenez. «Hamar ere izan daitezke, baldin eta hitzartzen bada bi ordu horiek beste momenturen batean atseden hartzeko direla». Baina langile kopuru batek ez du behar besteko atsedenik hartzen, zaindu behar dituzten pertsonak gauean behin baino gehiagotan esnatzen direlako. Eta salatu zuen horrek eragina duela langileen osasunean.

Laneko gaixotasun eta istripu ugari izaten baitituzte etxean beharrean aritzen diren langileek, baina horien onarpenik ez dute. Horregatik, Osakidetza eta Osalani eskaera egin zioten elkarteko kideek laneko jatorria zuten gaixotasun eta istripuak ere onar diezazkioten. «Orain arte ez da halakorik gertatzen; esaterako, besoko mina dutela eta lanean pisu handiko pertsona bat mugitzen aritzen direla jarri arren osasun agirian, ez diete laneko jatorririk onartzen». Gainerako langileekin egiten den bezala, Osakidetzari eskaera zuzena egin zioten halako kasuek laneko jatorria dutela onartzeko.

Baina erakundeetatik erantzun eskasa espero dute beharginek. Legebiltzarrak, iaz, eskaera egin zuen Jaurlaritzak kontrola zitzan etxeko langileak kontratatzen dituzten agentziak, baina Lakuak bide horri «muzin» egin diola salatu zuen Otxoak. «Baldintza kaskarretan kontratatzen jarraitzen dute». Eta horren adibide moduan jarri zuen Bilboko Begoña auzoan dagoen Empleadas de Hogar Bilbao. Enplegu agentzia horren aurka salaketa bideratu zuen elkarteak. «Langile baten bidez hasi ginen agentzia hori ikertzen, eta jakin genuen kontratatzaileak enpresari ordaintzen baldin bazion ere diru hori ez zela beharginarengana iristen». Enplegu agentzia horren aurkako epaiketa auzitegian dago, dirua bidegabeki erabiltzeagatik.

Paperik gabe, soldata erdia

Etxeko langileen %82 atzerritarrak dira, eta Europako jatorria ez zuten etorkinen %72k Espainiako nazionalitatea lortua zuten. Baina laurdenak egoera irregularrean daude. Eta horiek egon ohi dira egoerarik zaurgarrienean. Elkarteak bildutako datuen arabera, paperik ez duten langile egoiliarren %41ek 900 euro baino gutxiago jasotzen dute. Egoera arautua duten %22k ere soldata txiki hori jasotzen dute. Horregatik, agerian geratzen da egoera erregularizatu gabe duten beharginez baliatzen direla kontratatzaile asko. «Egoera zailena da hori langileentzat, onartu ezean ez baitute beste ezer». Soldata eskuan jasotzen dute, gainera, langile egoiliarren %37k, «ordainketak dokumentaturik egon behar duen arren».

Langabezia saririk ere ez dutela salatu zuen Otxoak. Egun batetik bestera, gainera, lanik gabe geratu daitezke behargin horiek, eta ez dute kalte-ordainik jasotzen. «Zaintzen duten pertsona hil aurreko hilabetean egiten dute lan gehien, eta, hura zendu ondoren, askotan lanik gabe geratzen dira; langileek oso leial jokatzen dute, azkenera arte bertan egoten direlako beste aukerarik eduki dezaketen arren». Horregatik, etxeko langileen baldintzak gehiago zorroztu eta arautzeko beharra azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.