Koronabirusa munduan

Txertoa herrialderik txiroenetara heltzeko funtsa biltzea lortu dute

7.768 milioi euro inguru jaso dituzte, 2021 eta 2025 artean 300 milioi haur txertatzeko

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa atzoko goi bileran. ANDREW PARSONS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Mundu osoa ari da koronabirusaren aurka borrokan, eta gelditu gabe dabiltza gaitzari aurre egiteko pieza ezinbesteko eta eraginkor bat eskuratu nahian: txertoa. Hori lortzeko ahaleginean ari dira gobernuak, botika enpresak eta ikerketa zentroetako eta unibertsitateetako zientzialariak. Testuinguru horretan, txertoaren inguruko goi bilera bat egin zuten atzo Erresuma Batuan; Gavi Txertaketarako Aliantza globaleko kide diren 50 herrialdek baino gehiagok hartu zuten parte bilera telematikoan, helburu jakin batekin: 7.400 milioi dolar biltzea—6.534 milioi euro inguru— 2021etik 2025era bitartean garapen bidean dauden eta txiroenak diren herrialdeetako 300 milioi haur txertatzeko. Zalantzarik gabe, arrakasta izan zuen batzarrak, eta, kopuru hori jaso bakarrik ez, gainditu ere egin zuten ezarritako langa: 8.800 milioi dolar eskuratu zituzten, hau da, 7.768 milioi euro inguru.

Funts horrekin polioa, difteria eta elgorria bezalako gaixotasun hilgarriak tratatzea da asmoa, baita pandemiari aurre egiteko baliatzea ere, eta baliabide gutxien dituzten estatuetara txertoa iristea bermatzea. Hots, erakundearen immunizazio programak finantzatzea da nahia.

Lankidetzarako deia

Goi bilerari hasiera emateko, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak «osasun lankidetzan aro berri bat» hasteko eskatu zuen. Horrez gain, saio horretan «eritasunen aurka jarduteko gizateriak bat egitea» lortzea espero duela nabarmendu zuen, tartean COVID-19aren kontra.

Modu horretan, pandemia garaitzeko jarraitu beharreko bidea definitu zuten: «Adimen kolektiboa». Jakinarazi zutenez, estatuak, botika konpainiak eta OME Osasunaren Mundu Erakundea (OME) aurrez inoiz ikusi gabeko «eskala batean» ari dira elkarlanean. «Gaviren erosteko ahalmena baliatu behar dugu, etorkizuneko txerto hori (birusaren aurkakoa) behar duten guztientzat eskuragarria izateko».

Bide berean, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, birusaren aurkako txertoa «ondasun publiko globaltzat» jo behar dela nabarmendu zuen, eta, beraz, «mundu osora iritsi» behar duela.

Munduko potentzia nagusietako presidente ugarik hartu zuten hitza goi bileran, eta tartean izan zen Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea ere. Haren arabera, birusa «zekena» eta «gaiztoa» da, baina lortuko dute hura garaitzea.

Harrera ona izan zuen batzarrak, eta estatu ugarik egin zuten misioa laguntzeko diru ekarpena, hura erabat babesten zutela nabarmentzearekin batera.

Besteak beste, EB Europako Batzordeak iragarri zuen 300 milioi euro emango zizkiola Gavi erakundeari txertoaren inguruko proiektuekin laguntzeko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuenez, txertoek «bizitzak salba ditzakete», baina horretarako funtsezkoa da behar dituztenguztiek eskura izatea, «batez ere munduko komunitate eta eskualderik ahulenetakoek». Batzordeko presidentearen arabera, egitasmo horrek COVID-19aren pandemia gainditzen eta halako beste bat eragozten lagunduko dute.

Donazioa hitzeman zuten herrialdeen artean daude, adibidez, Erresuma Batua, Australia, Txina, Japonia, Frantzia, Portugal edota Danimarka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.